Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak (EEPF) antolatuta, Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketaren banakako finalak jokatuko dituzte zapatuan, Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan. 11:00etan hasita, lau final ikusteko aukera izango da han, eta horietako bitan parte hartuko dute Zestoako Abantzu pilota elkarteko ordezkariek.
Kadeteen, gazteen, 22 urtez azpikoen eta nagusien mailako finalak jokatuko dituzte Zestoan, eta Abantzuko pilotariak kadeteetan eta 22 urtez azpikoetan saiatuko dira txapela lortzen. Kadeteetan, Abantzu eta Bide Bideta pilota elkartekoak arituko dira nor baino nor gehiago; gazte mailan, Tolosa eta Txukun Lakua pilota elkarteetakoak; 22 urtez azpikoetan, Abantzu eta Buruzgain elkarteetakoak; eta nagusietan, Txukun Lakua eta Kurene elkarteetakoak.