Urola Erdiko Mankomunitateak Euskalmet meteorologia agentziaren alertei adi egoteko eskatu du, bero bodaletan litekeena delako hondakinen bilketa zerbitzuan aldaketak egotea. Joan den maiatzean, esaterako, alerta laranja ezarri zuten egunetan, aldatu egin zituzten hondakinen bilketak, langileak arrisku gehien dagoen orduetan aritu ez daitezen hondakinak biltzen.
Mankomunitateak aurreratu duenez, asteburura begira ere litekeena da alertaren bat ezartzea; ondorioz, Zestoan bi zerbitzu alda daitezkeela ohartarazi du. Batetik, herritarren organikoaren eta errefusaren bilketa –kubo beltzekin egiten dena– atzera daiteke, kubo beltzak kalean beranduago jarriz. Bestetik, hondakin komertzialen bilketa zerbitzua ere atzeratu egin daiteke.
Aldaketarik balego, ohar guztiak Urola Erdiko Mankounitatearen webgunean jarriko lituzkete. Aldiz, hondakin komertzialen bilketaren inguruko informazioa zuzenean jaso nahi dutenentzat whatsapp difusio kanala eta helbide elektroniko zerrenda sortu ditu mankomunitateak. Bi kanaletakoren batera batu ahal izateko, aurretik honako inprimaki hau bete beharko da.
Era berean, edozein zalantza argitzeko, 943-85 73 19 telefonora edo ueue@urolaerdia.eus helbide elektronikora idatz daiteke, 8:30etik 14:00etara bitartean.