Zestoako Portale kultur elkarteak Uzta Hila izeneko egitaraua prestatu du datorren hilerako. Kultur ekintza ugari prestatu dituzte uztailerako; zehazki, hiru kontzertu eta argazkilaritza tailerra izango dira.
Lehen zuzenekoa uztailaren 3an, ostirala, izango da: D’Capricho taldeak Kubako eta Euskal Herriko doinuak uztartuko ditu, 19:30ean hasita. Uztailaren 17an, ostiralez izango da hurrengo kontzertua: Gartxot & Garazi ariko dira zuzenean, 19:30ean hasita. Azkenik, uztailaren 24an, ostiralez, Bidelapurrak taldeak girotuko du Portaleko ataria, 20:00etatik aurrera.
Argazkilaritza ikastaroa
Musika emanaldiez gain, argazkilaritza ikastaroa ere antolatu dute. Uztailaren 11n, larunbatez, egingo dute, Nagore Legarreta argazkilariak gidatuta: parte hartzaileek kamera estenopeiko bat eraikiko dute lehenik, eta, gero, ibai inguruan ateratako irudiak errebelatuko dituzte. Tailerra 09:30etik 13:30era izango da.