Larunbaterako Zestoako 24. Ibilaldi Neurtua antolatu du Agiro mendizale taldeak. Ohi bezala, bi ibilbide jarri dituzte aukeran mendizaleentzako: 18,7 kilometroko ibilbide motza, eta 26,33 kilometroko ibilbide luzea. Motzak irteera 08:00etan izango du Zestoako plazatik, eta luzeak, berriz, 07:00etan, toki beretik.
Ibilbide luzean, baina, azken orduko aldaketak egin behar izan dituzte antolatzaileek, probaren goiz berean Goilurrak rally txapelketa igaroko delako Aittolatik. Hori horrela, 15. kilometroan Aittolatik Sesiarte mendira joan beharrean, Triku Sakonera joango dira parte hartzaileak. Handik Ondarbasora joango dira, eta Goltzibar bailaratik igarota, Zestoako herrigunean amaituko dute ibilbidea. Ondorioz, Triku Sakonean elkartuko dira ibilbide luzeko nahiz motzeko parte hartzaileak, eta handik aurrera ibilbide bera egingo dute helmugaraino.
Antolatzaileek barkamena eskatu dute azken orduko aldaketek sor ditzaketen eragozpenengatik. Aurreratu dutenez, baina, ibilbide aldaketak ez du eraginik izango probaren luzeran.
Ibilaldi neurturako izen ematea zabalik dago oraindik; parte hartzea 15 euro ordaindu beharko da eta izena Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke.