"Pribilegio zuriaren" inguruan hausnartuko dute datorren igandean Amillubin

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 8a

Eskola Haziak dinamikaren 3. saioa egingo dute datorren igandean. Nontokozo Sabic (Ubuntu Co-create) han izango da, Hegoafrikako apartheid-a bizi izan zuena. Zapalkuntza sistemak desegiteko estrategiak garatzen, deskolonizazio prozesuetan eta barneratutako arrazakeriaren sendatzean aritzen da gaur gaurkoz. 

Iraetako Amillubi baserrian Eskola Haziak dinamikaren 3. saioa egingo dute datorren igandean, eta bertan, "pribilegio zuriaren" inguruko solasaldia eskainiko dute. Hain zuzen, "pribilegio zuriak" komunitatean, erakundeetan eta proiektuetan, batez ere lurraren, lurraldearen eta agroekologiaren defentsan lanean ari diren espazioetan, duen garrantziari helduko diote. Horretarako, kolektibo bakoitzak "esperientzia inspiratzaileak" partekatuko ditu bere kokapenetik abiatuta, eta gai horren inguruan dituzten erronkak elkarrekin aztertuko dituzte. 

Horrez gain, Nontokozo Sabic (Ubuntu Co-create) izango da igandean Amillubin. Antolatzaileek azaldu dutenez, apartheid-a bizi izan zuen Hegoafrikako emakume beltza da, eta gaur egun Europan bizi da. Klima eta gizarte justiziaren, komunitate bizitzaren eta Ipar-Hegoaldearen arteko adiskidetzearen aldeko defendatzailea da bera. Munduko hainbat lekutako mugimendu sozialekin batera lan egiten du, zapalkuntza sistemak desegiteko estrategiak garatzen, deskolonizazio prozesuetan eta barneratutako arrazakeriaren sendatzean sakonduz.

Hain zuzen, 2025-2026 ikasturtean zehar hausnarketarako, prestakuntzarako eta topaketarako espazioak sustatzen ari den Adi, Ubuntu Gipuzkoan barrena! proiektuaren barruan kokatu dute haren solasaldia, eta Amillubiren ustez, "bereziki garrantzitsua" bere elkarrizketa hori lurraren defentsan lanean ari diren mugimendu eta proiektuetara hurbiltzea, beren borrokak zeharkatzen dituzten erantzukizunen inguruan kolektiboki hausnartzeko espazioak sortuz.

Horretarako, honako egitaraua prestatu dute iganderako: 

  • 09:00etan, auzolana.
  • 11:00etan, kaferako tartea.
  • 11:30ean, solasaldia esperientzien elkartrukea izango dute Ubuntu Co-create, Meloia Zuritzen eta Amillubiren eskutik.

Parte hartu nahi duenei eskatu diete aurrez izena eman dezatela, koordinazioa@amillubi.eus helbidera mezua idatzita. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide