Lapurdiko kaskaroten dantza eta doinuekin osatutako emanaldia eskainiko dute Itxaropenakoek igandean

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 4a

Itxaropena dantza taldearen iazko jaialdia. (Aitziber Arzallus)

Itxaropena dantza taldeko 90 dantzari inguru ariko dira, 6 urtetik 60 urtera bitartekoak, belaunaldi ezberdinak ikuskizun berean elkartuz. Haiekin batera ariko dira Garikoitz Mendizabal, Xabi Zabala, Jon Mendizabal, Gorka Regil, Beñat Etxabe eta Joseba Regil musikariak ere. 18:30ean izango da emanaldia, Laranjadi plazan. 

Itxaropena dantza taldeak ikasturte amaierako ohiko jaialdia egingo du igandean. 18:30etarako jarri dute hitzordua, Laranjadi plazan, baina eguraldi txarra egingo balu, frontoira lekualdatuko dute emanaldia. 

Aurtengo jaialdia Lapurdiko kaskaroten dantza, doinu eta kantuekin osatu dute Itxaropenakoek; hori hala, Kaskarotak dantzan izenburupean eskainiko dute emanaldia. Itxaropena dantza taldeko 90 dantzari inguru ariko dira plazan, 6 urtetik 60 urtera bitartekoak, belaunaldi ezberdinak ikuskizun berean elkartuz. Haiekin batera ariko dira Garikoitz Mendizabal, Xabi Zabala, Jon Mendizabal, Gorka Regil, Beñat Etxabe eta Joseba Regil musikariak. 

Inauteri garaian Lapurdin etxez-etxe eskean ibiltzen diren gazte taldeak dira kaskarotak. Martxen doinura eta erritmora mugitu ohi dira alde batetik bestera, eta geldialdietan hainbat dantza egin ohi dituzte, besteak beste, xinple, marmutx, makila txiki, makila handi, dantza jauziak edota fandangoa. Itxaropenakoek azaldu dutenez, Ponpier eta Kotilungorri pertsonaiak ere kaskaroten parte dira; baita banderaria, jaun-andereak eta beste hainbat ere. Zenbait leku eta unetan, gainera, hartza ere agertu izan da. Pertsonaia horietako batzuk ere izango dira igandeko emanaldian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide