Gogor erantzun dio EH Bilduren udal gobernuak Iraetako kirol azpiegiturak berritzea adostu dutela adieraziz atzo Zestoako EAJk egindako adierazpenei. "Esadazu zertaz harropuzten zaren eta zer gabezia daukazun esango dizut", goiburuarekin atera du oharra udal gobernuak, EAJren esandakoei erantzuteko. "Ez da aurreneko aldia, azkenaldian, Zestoako EAJk erabat errealitatez kanpo eta bere burua loriatu arteko onik gabe argitaratu duen azken prentsa oharra bezalakoak irakurtzera ohituta gaude", adierazi du EH Bilduren udal gobernuak.
Zestoako EAJk Iraetako futbol zelaiaren belardi aldaketaren inguruan atera duen argitalpenean "ez dagozkion dominak jartzeaz gain", "zuzenak eta egiak ez" diren baieztapenak egiten dituela kritikatu du EH Bilduk. "Hori gutxi ez, eta kudeaketarako inolako ahalmenik eduki gabe, udal gobernuari eta kirol zein azpiegitura teknikariei ezer esan gabe aldundiko arduradunekin bilerak egin dituztela ere badiote EAJko ordezkariek". EH Bilduk esan du, udal gobernuak eta teknikariek "balizko bilera misteriotsu" horien berri ez dakitela.
EH Bilduk nabarmendu dio EAJri "proiektu publikoak erakunde publikoen artean" kudeatzen direla, eta alderdia erakunde publikoen gainetik jarri izana leporatu dio jelkideei: "Zestoako EAJko ordezkariek bestela uste arren, alderdi politikoen gainetik erakunde publikoak daude eta alderdi politikoetan ez bezala erakunde publikoen ordezkaritza herritarrek erabakitzen dute".
Kudeaketa lan luzea aurretik
Onartu du udal gobernuak Iraetako futbol zelaiaren belardiaren egoera azken urteetan asko kaltetu dela, eta horri lotuta iaztik hainbat aurrekontu landu dituela esan du, eta horri buruz hitz egiteko Zestoako Futbol Taldearekin bildu dela udal gobernua: "Realak ekarpena egiteko aukera Zestoako Futbol Taldeak landu duenez, udalak bi futbol elkarteekin ere bilera egina du. Beraz, udal gobernuak belardia ez zuela konpondu nahi esatea ez da inondik ere egia".
EH Bilduren udal gobernuak azpimarratu du diru publikoa ezin dela "edonola gastatu". Futbol zelaiaren konponketaren aurrekontua 300.000 eurokoa dela esan du, eta horretaz hainbat kontu argitu eta zehaztu ditu: "Zestoako Udalak, gutxienez, 200.000 euro jarri beharko ditu konponketarako, eta bere garaian, lan horiek 2027an egin beharko zirela garbi adierazi zitzaien. Hori horrela izanda, udalak badaki epe ertainera aldundiak kirol ekipamenduetarako udalentzako diru lerro berri bat irekiko duela eta diru laguntza hori baliatzea da helburua, nahiz horretarako beste udalerriekin lehiatu beharko garen. Beraz, oraindik kudeaketa lan asko gelditzen da egiteko eta obraren kostua udal aurrekontuetan txertatua dagoela esatea ere ez da egia. Beste behin, Zestoako EAJk ezer argitaratu aurretik hobeto informatu beharko luke".
Iraetako futbol zelaiko argiteria sistemaren aldaketaz ere EAJk esandakoaren gainean, hainbat zehaztapen egin ditu EH Bilduren udal gobernuak, eta "umiltasun apur bat" izateko eskatu dio Zestoako EAJri: "Denbora da Zestoako Udalak futbol zelaiko argiteria sistema aldaketa kudeatu zuela (pleguak, esleipenak...) eta horri esker epe motzean obra exekutatuko da. Kontu honetan ere, EAJren 'lan iraunkorra' baino, udalaren kudeaketa politiko eta teknikoa dago".
Zestoako Futbol Taldeko "kideren bati" ere erreferentzia egin dio udal gobernuak, eta udalarekin egindako bileretara "zein ordezkatuz" joaten den argitzeko eskatu dio: "Udalarekin bilerak egiten dituenean EAJko kide bezala edo Futbol Taldeko kide bezala datorren argitzeko eskatuko genioke. Txapel batekin bi buru estaltzea ariketa zaila izan ohi baita".