Zestoako EAJren azken hilabeteetako eskaria izan da Iraetako futbol zelaia berritzea, eta hango azpiegiturak hobetzea adostu duela jakinarazi du alderdiak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Realarekin hainbat bilera egin ostean. Hain justu, futbol zelaiaren argiztapena berritzea txertatu dute aurtengo aurrekontuetarako, eta datorren urtean, berdegune osoan egingo dituzte berritze lanak.
EAJk adierazi duenez, alderdiak azken urteetan egin duen "lan iraunkorrari esker" gauzatuko dituzte lan horiek. Izan ere, hark azaldu du aldundiarekin zein Realarekin hainbat bilera egin dituela, berdegunearen kalitatea eta mantenua "bermatzeko" irtenbideak bilatuz, eta horren emaitza izan dela orain erdietsitakoa: “Gobernuan ez egon arren, atsedenik gabe lan egin dugu proiektu honen beharra aitor dadin, eta gaur egun urrats garrantzitsuak ematen ari direla ikusten dugu”, esan du Daniel Peñas UBBko diruzainak.
Haren arabera, EAJ 2025etik aritu da zelaiaren egoera "tamalgarria eta mantenu falta" salatzen, eta EH Bilduren udal gobernuak proiektu horretan "esku hartu ez" badu ere, zelaiaren berdegunea hobetzeko "borrokatu" dute jeltzaleek. "Oposizioan egiten dugun kudeaketaren lorpen argia da hori, eta, azkenean, 2027an aldatzeko konpromisoa gauzatu da”.
Peñasek azpimarratu duenez, EAJren "presio eta ahaleginari esker" gauzatuko du EH Bilduk datorren urtean belarra hobetzeko laguntza eskatzea. Hori ere lorpentzat jo du oposizioak, azpimarratuta, udal gobernua, hasiera batean, ez zegoela "prest" zelaia berritzeko inbertsiorik egiteko. “Lorpen hori gure oposizio arduratsu eta proaktiboaren emaitza da. Zestoak aurrera egiten jarrai dezan lanean jarraituko dugu, eta herriaren garapenerako eta ongizaterako beharrezkoak diren inbertsioak jasotzen”,