Lau urteko etenaren ostean, Fundizio Fest jaialdia egingo dute bihar Zestoan. Fundizio kultur elkarteak eta Zestoako Gazte Asanbladak elkarlanean antolatu dute egitaraua, eta zuzeneko musika eskaintzeaz gain, auzolanean berritu duten entsegu lokalaren ateak irekiko dituzte goizean. Hain zuzen, lokal horretan dago Fundizio Fest jaialdia berpiztearen gakoa.
Aurtengoan, Arima, Mihise, Argizulo Dub Station eta Eira, Beñaranks, Fundizio Crew, Min, Burutik, HGS, Costmix eta 3re taldeek egingo dituzte emanaldiak 17:30etik aurrera, Zestoako plazan zein Gaztetxean. Modu horretan, Euskal Herriko musikarien emanaldiak eta herriko taldeen eta musikazaleen zuzenekoak uztartu dituzte Fundizio Festen. Hein handi batean, hori ere badelako egitasmoaren xedea, "herriko musika taldeei oholtzaratzeko aukera eskaintzea".
Musikaren kabia
Jaialdia iragartzeko erabili duten afixak ezin hobeto erakusten du Fundizio elkartearentzat eta herriko musikarientzat tren estazioa zeneko entsegu lokalek esan nahi dutena. Kabi bat irudikatu dute kartelean, musika jartzaileen binilo baten itxura ere baduena. "Guretzako hori da Fundizio, herriko musikaren kabia, talde berrientzako ezinbesteko aterpea", diote.
Zestoa txikia den arren, musikarako zaletasuna handia da herrian, eta Fundizioko kideen hitzetan, horren isla da uneotan dagoen musika taldeen kopurua.
Kultur elkartea 2019. urtean egituratu zuten ofizialki, eta ordutik, jaialdiak antolatzeaz gain, "herriko musikazaleentzat eragile erreferentzial eta aktiboa" izatea izan da Fundizioren xedea. Herriko musikarien plaza nahiz erakusleihoa izateko hasi ziren Fundizio Fest antolatzen, eta azken urteetan jaialdia egin ez duten arren, elkarteko kideak ez dira geldirik egon. Duela urte eta erdi inguru, tren geltoki zaharreko lokala handitzeko lanetan hasi ziren. Hain zuzen, entsegu lokal bat edukitzetik, bi lokal izatera pasatu dira orain. Izan ere, lehengo entsegu gelaren ondoko espazioa hartu dute, eta hilabete luzeetako lanaren ostean, eraberritu eta erabilgarri jarri dute. Horretan aritu dira Fundizioren parte diren norbanakoak eta musikariak, eta dagoeneko hasi dira lokalaz gozatzen. Kultur taldeen asteroko bilgune ez ezik, Zestoako Gaztetxeko bertsio gaua prestatzeko espazioa ere izan da hainbat gazterentzat.
Ate irekiak, garrantzitsu
Musika sortzeko gogoa duen edozein herritarrek du lokaletara joateko aukera; izan ere, Fundizioko kideek nabarmendu dute "espazio irekia eta anitza" dela, belaunaldi desberdinetako artistentzako lekua. Horregatik eman diote garrantzia aurtengo Fundizio Fest jaialdian entsegu lokalen ate irekierari. "Herritarrei instalazioak erakutsi eta baliabideen berri eman diegu, jakin dezaten erabilgarri dagoen espazioa dela".
Hona hemen biharko prestatu duten egitaraua:
- 11:00. Fundizioko ate irekiak.
- 12:30. XI. Laiak ardo dastaketa.
- 17:30. Arima eta Mihise taldeak, Gaztetxean.
- 20:00. Argizulo Dub Station eta Eira, Beñaranks eta Fundizio Crew, plazan.
- 22:00. Min eta Burutik, plazan. Ondoren, HGS, Costmix eta 3re, plazan.