Dozenaka lagun bildu ditu 'Gorrotokrazia' solasaldiak

Iraia Oteiza 2026ko maiatzaren 20a

'Gorrotokrazia' saioa atzo, Alonderon. (Iraia Oteiza)

Gorroto diskurtsoez eta horiek gizartean duten eraginaz hitz egin zuten atzo arratsaldean Alonderon. Leire Ibarguren Azpeitiko Feministen Sareko eta Astindu Armayuek taldeko kideak, Hajar Samadi Bidaya emakume musulman gazteen elkarteko kideak eta Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak parte hartu zuten solasaldian, eta horietako bakoitzak gorrotoari lotuta bere esparruan duen egoera azaldu zuen, herritarrak hausnarketara bultzatuz. 

Gorrotoaren inguruan hausnartzeko tartea izan zuten atzo Alonderoko Gorrotokrazia solasaldian bildu ziren herritarrek. Izan ere, saioan azaldu zutenez, euskarak, euskal komunitateak, emakumeek, LGTBI+ kolektiboak, kultura islamiarreko herritarrek nahiz egoera zaurgarrian dauden pertsonek maiz pairatzen dituzte eraso eta bazterkeria egoerak. Horien adibideak jarri zituzten atzoko saioan, Alonderon bildu zirenen artean gogoeta kolektiboa sustatuz. 

Saioan hiru hizlari izan ziren, eta horietako bakoitzak gorrotoari lotuta bere esparruan duen egoera azaldu zuen. Hala, Leire Ibarguren Azpeitiko Feministen Sareko eta Astindu Armayuek taldeko kideak mugimendu feministatik eta kolektibo disidenteen ikuspegitik hitz egin zuen, sare soziaetan eta kalean areagotzen ari diren jarrera matxistak eta baztertzaileak aztertuz. Hajar Samadi Bidaya emakume musulman gazteen elkarteko kideak, berriz, diskurtso islamofoboek egunerokoan duten eragina eta elkarbizitzaren erronkak izan zituen hizpide. Aldiz, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak hizkuntza eskubideen ikuspegitik landu zuen gaia. Euskararen aurkako jarrerek eta hizkuntza gutxituen kontrako diskurtsoek azken urteotan hartu duten presentziaz aritu zen Gaubeka, eta baita horiek euskaldunengan duten eraginaz ere.

Hizlari bakoitzak ordu laurden inguruko azalpenak eman zituen aurrena, eta hizlarietako bakoitzak amaitutakoan, galderak egiteko aukera izan zuten Alonderoko aretoan bildu zirenek. Hala, solasaldi interesgarrian murgiltzeko aukera izan zuten. 

Euskararen Loraila egitasmoaren barruan egindako hitzorduetako bat izan zen atzokoa. Maiatzean zehar hainbat hitzaldi eta ekitaldi ari dira egiten Zestoan, euskara loratu nahi bada herritarren zaintza beharrezkoa dela iritzita. Egitasmoaren helburuak euskara erdigunean jartzea eta hizkuntzaren egoeraren inguruko hausnarketa kolektiboa sustatzea dira. 

'Gorrotokrazia' saioko hizlariak eta moderatzailea. (Iraia Oteiza)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide