'Gorrotokrazia' izango dute hizpide 'Euskararen Loraila' egitasmoaren gaurko saioan

Iraia Oteiza 2026ko maiatzaren 19a

'Euskararen loraila' egitasmoaren aurkezpeneko irudia. (Zestoako Udala)

Gorroto diskurtsoez eta horiek gizartean duten eraginaz hitz egingo dute gaur Alonderon, 18:30ean hasita. Leire Ibarguren Azpeitiko Feministen Sareko eta Astindu Armayuek taldeko kideak, Hajar Samadi Bidaya emakume musulman gazteen elkarteko kideak eta Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak parte hartuko dute solasaldian, eta horietako bakoitzak gorrotoari lotuta bere esparruan duen egoera azalduko du. 

Gorrotoaren kultura zabaltzen ari dela iritzita, Gorrotokrazia izango dute hizpide gaur, asteartea, 18:30ean hasita, Alonderon. Euskararen Loraila egitasmoaren barruan egingo duten hitzorduetako bat izango da, eta azken urteotan indarra hartzen ari diren gorroto diskurtsoak eta horiek gizartean duten eragina izango dituzte hizpide.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, euskarak, euskal komunitateak, emakumeek, LGTBI+ kolektiboak, kultura islamiarreko herritarrek nahiz egoera zaurgarrian dauden pertsonek maiz pairatzen dituzte eraso eta bazterkeria egoerak. Hori horrela, gogoeta kolektiboa sustatu nahi dute gaurko saioarekin. 

Solasaldian hiru hizlari izango dira, eta horietako bakoitzak gorrotoari lotuta bere esparruan duen egoera azalduko du. Hala, Leire Ibarguren Azpeitiko Feministen Sareko eta Astindu Armayuek taldeko kideak mugimendu feministatik eta kolektibo disidenteen ikuspegitik hitz egingo du, sare sozialetan eta kalean areagotzen ari diren jarrera matxistak eta baztertzaileak aztertuz. Hajar Samadi Bidaya emakume musulman gazteen elkarteko kideak, berriz, diskurtso islamofoboek egunerokoan duten eragina eta elkarbizitzaren erronkak izango ditu hizpide. Aldiz, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak hizkuntza eskubideen ikuspegitik landuko du gaia. Euskararen aurkako jarrerek eta hizkuntza gutxituen kontrako diskurtsoek azken urteotan hartu duten presentziaz ariko da, eta baita horiek euskaldunengan duten eraginaz ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide