Lau urteko etenaren ostean, maiatzaren 23an egingo dute Fundizio Fest musika jaialdia

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 12a

Musika talde bat 2022ko Fundizio Festen.

Egun osorako egitaraua prestatu dute egun horretarako Fundizio musika elkarteak eta Zestoako Gazte Asanbladak. Laiaken ardo dastaketa ere egun horretan egingo dute. Arratsaldetik aurrera hainbat kontzertu izango dira Gaztetxean nahiz plazan.

Fundizio Fest musika jaialdia izango da Zestoan maiatzaren 23an. Lau urteko etenaren ostean, berriz antolatu dute musikaren bueltako festa Fundizio musika elkarteak eta Zestoako Gazte Asanbladak, eta egitasmoa Udaberri Kulturalaren barruan sartu dute.

Larunbatez egingo dute Fundizio Festen aurtengo edizioa, eta egun osorako festa prestatu dute haren sustatzaileek. Gaztetxea eta plaza Euskal Herriko musika talde hainbaten agertoki bilakatuko dira; izan ere, Arima, Mihise, Argizulo Dub Station eta Eira, Beñaranks, Fundizio Crew, Min, Burutik, HGS, Costmix eta 3re taldeek eskainiko dituzte kontzertuak 17:30etik aurrera.

Jaialdia antolatu duen Fundizio elkarteak entsegu lokalen beharrezkotasuna aldarrikatu du; izan ere, elkarteko kideen hitzetan horiek dira herrietako musika sorkuntzan eragiten eta hauspotzen duten eremuak. Horri lotuta, Fundizio entsegu lokalera bisita gidatua egingo dute goiz horretan, 11:00etan.

Ardo dastaketa ere bai

Gainera, egun horretarako prestatutako egitarauaren barruan sartu dute Laiak saltokiaren 11. ardo dastaketa. Azken urteetako gisan, kiroldegiko aterpean egingo dute dastaketa, 12:30etik 14:30era bitartean. Hainbat upategitako ardoak –Aimarez, J. Guzman Aldazabal, Rioja Bordon, Moteabellon, Mazuela, Aitaren, Albet i Noya, Tritium, Garcia de Olano eta Ramirez de la Piscina– nahiz askotariko pintxoak dastatzeko aukera izango dute herritarrek, beraz, eguerdi partean. Giroa alaitzeaz, berriz, Ustekabe txaranga arduratuko da.

Hona hemen Fundizio Festeko egitaraua:

11:00. Fundizioko ate irekiak.

12:30. XI. Laiak ardo dastaketa.

17:30. Arima eta Mihise taldeak, Gaztetxean.

20:00. Argizulo Dub Station & Eira, Beñaranks eta Fundizio Crew, plazan.

23:00. Min eta Burutik, plazan.

Ondoren, HGS, Costmix eta 3re, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide