Biolurrek eta lehen sektoreko hainbat ekoizlek 2023an abiatu zuten Amillubi Lurra Taupaka proiektua, eta hainbat herritarrek egindako ekarpenari esker, Zestoako Iraeta auzoan kokatzen den baserria eta bere lurrak modu kolektiboan erostea lortu zuten. Honezkero, beraz, elikadura burujabetza eta agroekologia ardatz dituen egitasmoak finkatua du bere oinarria, eta utopien bidea ibiltzeko moduan da. Maiatzaren 16koa izango da bide horren geltokietako bat: hirugarrenez, Udaberriko Festa ospatuko dute egun horretan.
Lurra oinarri, utopien bidean izango da maiatzeko jaiari jantzi dioten leloa, eta egun osoa hartuko duen egitaraua prestatu dute udaberriari ongietorria emateko. 09:30ean, parte hartzaileei harrera eginda hasiko dute festa Amillubin, eta bi mahai inguru egingo dituzte segidan. Lur bizia, herri bizia solasaldia hasiko da 10:00etan, eta 12:00etan, berriz, Ametsek lurra hartzen dutenean.
Mahai-inguruen ostean, bazkari agroekologikoa egingo dute, eta 16:00etatik aurrera, kultur saioen txanda izango da, ilundu arte: Pobresiak poesia errezitaldi musikatua, bertso saio elektronikoa, Babarrunba nahiz Berba labanakaz taldeen kontzertuak eta Txantona Garrote DJaren emanaldiak egingo dituzte bata bestearen atzetik.
Bestalde, haurrentzako propio prestatutako eskaintza ere izango da Amillubin. Umeen txokoa egongo da egun osoan zehar, eta goizean, zaintza zerbitzua eskainiko dute bertan. 16:00etan, halaber, zirku tailerra egingo dute.
Sarrerak salgai
Bazkarira zein arratsaldeko saioetara joateko sarrerak salgai daude dagoeneko, entradium.com atarian. Helduek 10 eurotan eskuratu ahal izango dute bazkarirako txartela, eta arratsaldeko emanaldietan parte hartzeko, beste horrenbeste ordaindu beharko dute. Umeek, berriz, arratsaldeko saioak doan izango dituzte, eta bazkaria, 7 euroren truke.
Bestalde, baserrian aparkatzeko espazioa mugatua denez, Iraetan dagoen futbol zelaian utzi beharko dituzte autoak herritarrek, gero oinez joateko Amillubira.