One Walleko finala jokatuko du Naroa Agirrek euskal selekzioarekin Munduko Txapelketan

Mailo Oiarzabal

Euskal pilota selekzioko kideak, Mendozan. Goiko lerroan, ezkerretik hasita aurrena, Alaitz Badiola azpeitiarra; barrenekoan, ezkerretik hasita bigarrena da Naroa Agirre. (EEPF)

Sailkapen ligaxkako zazpi neurketak partida alerik galdu gabe gaindituta, etziko finalerako sailkatu dira euskal ordezkariak modalitate horretan, Argentinako Mendozan jokatzen ari diren txapelketan.

Ezin emankorragoa izan da euskal selekzioarentzat Esku Pilotako Nazioarteko Konfederazioaren (CIJB) XI. Munduko Pilota Txapelketaren lehen jardunaldia. Atzo hasi zen txapelketa hori Mendozan (Argentina), hiru modalitatetan lehiatu ziren euskal ordezkariak, eta jokatutako neurketa guztiak irabazi zituzten.

Naroa Agirre arroarra izan zen estreinaldi arrakastatsuaren protagonistetako bat. Selekziokideen batera, One Wall modalitateko sailkapen ligaxkako zazpi norgehiagokak gainditu, eta etzi, ostirala, jokatuko den finalerako txartela eskuratu zuen atzo Agirrek. Ingalaterra, Italia, Txile, Argentina, Venezuela, Herbehereak eta Valentziako selekzioak garaitu zituen euskal selekzioak finalerako bidean, aukari bakoitzaren kontra bi partida jokatuta. Horrenbestez, guztira hamalau partida jokatu eta irabazi zituzten euskal selekzioko emakumeek, eta horietatik hirutan aritu zen Arroagoiko pilotaria.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide