Herriko etxebizitza politikak "hobeto aztertzeko" eskatu die Zestoako EH Bilduk jeltzaleei

Iraia Oteiza 2026ko martxoaren 25a

Zestoako Kale Okerra.

Zestoan hiri lurzoru eraikigarriak falta direla, eta eskumen eta finantzatze ahalmenik ez dutela gogorarazi dio EH Bilduk EAJri. Hori horrela, "edozer gauza" esan aurretik gaia "hobeto aztertzeko" eta "zentzuzko kritikak" egiteko eskatu dio. Jeltzaleen kexa udal hauteskundeak ortzimugan izatearekin lotu du koalizioak.

Duela egun batzuk Zestoako EAJk ohar bat kaleratu zuen, hango gazteek egun duten "arazo nagusietako bat" etxebizitza eskuratzea dela salatzeko eta etxebizitzak "errazago eskuratzeko politikak" eskatzeko. Orain, baina, udalean agintea duen EH Bilduk erantzun egin dio talde jeltzaleari, "edozer gauza" esan aurretik gaia "hobeto aztertzeko" eta "zentzuzko kritikak" egiteko eskatuz. 

EH Bilduk dioenez, alkatetzan daramatzan azken zazpi urteetan, Zestoako EAJk etxebizitza politikari dagokion "proposamen bat bera ere ez du egin", eta, haren ustez, hauteskundeak gerturatzen ari direlako hasi da orain EAJ etxebizitzen kontuarekin. Bitartean, baina, aurreko legealdian udalak Kale Okerreko lau ezkaratzetako hamaika jabeekin eremu guztia erosteko hitzarmena sinatu zuela, eraitsi berri den bloke guztia eskuratu zuela, eta Correosko eraikina eraitsi eta Idiazpi mendebaldeko lurrak erosteko saiakera ere egin zuela gogorarazi du koalizio abertzaleak. 

Halaber, Zestoak bizitegi merkatuko tentsio eremu izendapena jaso duenez, datozen hiru urteetarako diagnosia eta ekintza planak egin behar izan dituztela azaldu du EH Bilduk, eta Eusko Jaurlaritzak horiek egiteko "argi berdea" eman diela gaineratu du. Ondorioz, udala etxebizitzen gaia bultzatzen ari ez dela esatea "gezur hutsa eta maltzurkeria politikoa" dela esan du koalizioak. Era berean, EAJk bere adierazpenean Kale Okerra, Correosko eraikina eta Arozena hotelaren eremua zaku berean sartzeak, Zestoako hirigintza plan orokorraren "erabateko ezagutza eza" adierazten duela, eta hori "arduragabekeria larria" dela gaineratu du.  

Etxebizitza politika garatzeko Zestoakoa bezalako udalek bi arazo nagusi dituztela ere esan du: batetik, hiri lurzoru eraikigarriak falta direlako, eta, bestetik, eskumen eta finantzatze ahalmenik ez dutelako. "Hori kontuan hartuta, EAJren benetako arinkeria edo ez jakintasuna da Zestoak etxebizitza publikoak berehala eraikitzeko lurzorua eta aukera garbiak dituela esatea". 

Gauzak horrela, Zestoako Udala Etxebizitza sailarekin harremanetan dagoela azaldu du EH Bilduk, eta bere estrategia hiri lurzoru eraikigarria eskuratzea eta ondoren etxebizitza sozialak eraikitzeko orubea Etxebizitza sailari eskaintzea dela esan du, azken horrek etxebizitzak eraiki ditzan. Hala ere, Zestoa tentsio eremu izendatzeak hutsik dauden etxebizitza pribatuen alokairuen prezioa mugatzea ekar lezakeela ere adierazi du koalizioak, eta horri lotuta, EAJk zer iritzi duen ez dakiela esan du, "Madrilgo kongresuan EAJk, PP eta eskuin alderdiko beste indar batzuekin batera, legearen kontra egin zuelako". 

Amaitzeko, "arazo larriei irtenbide errazak planteatzea eskuin muturraren komunikazio estrategia" izan ohi dela, eta "zentzuzko kritikak" egiteko eskatu dio koalizioak talde jeltzaleari. "Burura etorritako guztia esan aurretik, gaia ondo aztertu", ohartarazi die. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide