Zestoako EAJk etxebizitzen gaia mahai gaineratu du aste honetan, alderdiaren arabera, etxebizitza eskuratzea baita hango gazteek egun duten "arazo nagusietako bat". Jeltzaleen ustez, "etxebizitzen eskasiak eta alokairuen prezio altuek" eraginda, gazteen emantzipazioa "zailtzen" ari da, eta haiek etxebizitza bat eskuratzeko aukera "gero eta urrunago" ikusten dute. Hori hala, Garikoitz Mendizabal Zestoako EAJren bozeramaileak funtsezkotzat jo du etxebizitza eskuratzea "errazteko politikak ezartzea", bereziki gazteentzat. Era berean, "beharrezkoa" iruditzen zaio etxebizitza publikoak eraikitzeko izapideak azkartzea zein laguntza eta berme programa gehiago abian jartzea, hala nola Gaztelagun edo Emanzipa.
Mendizabalen ustez, Zestoak "aukera argiak" ditu etxebizitza guneak sortzeko; hain zuzen, herriko hainbat lursail aprobetxatzearen alde egin du etxebizitza "irisgarriak" egiteko eta udalerriaren "benetako behar bati" erantzuteko, eta bide horretan, Kale Okerra, Correoseko bulegoa dagoen ondoko orubea eta itxita dagoen Arozena hotelaren eremua jarri ditu adibidetzat. "Gune batzuetan eraikinak eraitsi dira, baina gero ez da gehiago egin, arazoari irtenbidea ematen hasi behar da berehala”.
Etxebizitza gune berriak egiteko, ordea, "ekimena eta borondate politikoa" behar direla azpimarratu du hark, eta bide horretan, Udal Gobernuari eskatu dio herriko espazio batzuk eraldatzeko "urrats irmoak" egin ditzala eta "plangintza argi batekin lan" egin dezala, "gero eta handiagoa den etxebizitza eskaerari" erantzun ahal izateko. “Zestoak gazteek beren bizi proiektua garatzeko lekua izan behar du. Ez da onargarria askok alde egin behar izatea, ez baitira bultzatzen ari udalerriak behar dituen irtenbideak ”.