Zestoako kultur azpiegiturei buruzko bilera deitu dute martxoaren 25erako

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 21a

Zestoako Kultur Etxea.

Zestoako Udalak iazko udazkenean hasi zuen herriguneko kultur azpiegiturei buruz hausnartzeko prozesua. Lanketa horren barruko bigarren bilera da asteazkenerako, martxoaren 25erako, antolatu dutena. Gaiak duen garrantzia kontuan hartuta, herriko eragileak nahiz interesa duten herritarrak bileran parte hartzera deitu ditu udalak.

Zestoako herriguneko kultur azpiegiturei buruz herritarrekin nahiz herriko eragileekin hausnartzeko prozesua eta lanketa hasi zuen iazko udazkenean Zestoako Udalak. Lanketa horren barruan, bigarren bilera bat deitu dute martxoaren 25erako, datorren asteazkenerako. 19:00etan jarri dute bilerarako hitzordua Kultur Etxeko aretoan. Gaiak duen garrantzia kontuan hartuta, bileran parte hartzeko "ahalegin berezia" egiteko eskatu diete herriko eragileei, baita interesa duten herritar guztiei ere.

Asteazkeneko bilerarako deialdian landuko dituzten gaiak aurreratu ditu udalak. Horietako bat da Kultur Etxea eta eraldaketa asmoak; udalak azalpenak emango ditu eta iritziak trukatuko dira. Segidan, kultur azpiegituren hausnarketa orokorragoa egingo dute, besteak beste, elkarte bakoitzaren beharrez eta herrian dauden lokal aukerez hitz eginez. Kultur eragileen koordinaziorako eta egitasmoak partekatzeko egitura iraunkor bat sortzeko aukerak aztertzeaz ere jardungo dute hilaren 25eko bileran.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide