Inauteriak 2026

Umorea eta gozamena Zestoako haur eta gazteen mozorro desfilean

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 14a

Ilusioz beteta parte hartu dute haur eta gazteek Zestoako Gaztelekuak antolatutako inauterietako desfilean eta mozorro lehiaketan. Udaletxeko arkupeetan desfilatu dute aurrena, eta ondoren, Bull DJarekin dantzaldia izan dute leku berean.

Zestoan ere eguraldi txarrak ez ditu kikildu inauteri zaleak. Eguerditik atera da jendea mozorrotuta kalera, eta arratsaldean, haur eta gazteek Gaztelekuak antolatutako mozorro desfilean eta lehiaketan parte hartzeko aukera izan dute. Hemeretzi banako eta taldek parte hartu dute aurtengo mozorro desfilean.

Gaztelekuko gazteak izan dira desflearen aurkezleak eta epaimahaiko kideak, eta haiek erabaki dituzte mozorrorik onenak. Aurrena mozorrotutakoek desfilea egin dute udaletxeko arkupeetan muntatutako pasarelan, banaka eta taldeka. Desfilea ikustera bildutakoen animoak eta txaloak jaso dituzte, eta gustura ibili dira haurrak eta gazteak aurtengorako prestatutako mozorroak erakusten.

Ondoren, sari banaketa egin dute Gaztelekuko nerabeek. Txikienen artean Azken telesaila: Egoitza taldeak irabazi du mozorro onenaren saria eta gazteenetan Haurreskola eta Asterix eta Obelix saritu dituzte. Parte hartzaileen artean hainbat sari ere zozkatu dituzte. Haur eta gazteek jaso dituzten sariak aisialdi parkeetarako sarrerak izan dira.

Sari banaketaren ondoren, Bull DJarekin dantzaldia izan dute udaletxeko arkupeetan bildutakoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide