Karnabalen atarian, kaldereroek hartu zituzten Zestoako kaleak atzo arratsaldean. Trapu zaharrak soinean eta zartaginak nahiz soinu eta panderoak eskuetan, Ertxina musika eskolako kideek herriko kaleak zeharkatu zituzten inauterien etorrera iragarriz. 17:15 inguruan atera ziren horiek desfilean musika eskolatik, eta adinekoen San Juan Egoitzan izan ziren gero, hango egoiliarrei hainbat pieza eskainiz. Ondoren, kalerik kale jarraitu zuen desfileak. Euria gogotik eginagatik ere, umore ona izan zen nagusi.