Gradu Amaierako Lanean neska arabiarrek esku pilotan zergatik ez duten jokatzen aztertu ondoren, joan den hilean aurreratu zuen Naroa Agirre pilotariak jatorri arabiarreko neskak pilotara gerturatzeko ahalegin praktikoa egingo zuela, eta horren erakusgarri dira haientzat antolatu dituen pilota saioak. Gaur zabaldu da izen ematea, eta interesa duenak hilaren 23ra arte izango du horretarako aukera.
Hilean bi larunbatetan elkartuko dira, eta urtarrilaren 24an egingo dute aurrenekoz, 10:00etatik 11:00etara, kiroldegian. 10 eta 14 urte bitarteko jatorri arabiarreko neskek parte hartu ahal izango dute, eta antolatzaileen arabera, saioak ludikoak izango dira, baina errendimendua ere kontuan hartuko dute. Egitasmoaren helburua da saioetan parte hartzen dutenek gainerako haurrekin batera pilotan parte hartzera iristea.