Jatorri arabiarreko neskak pilotara gerturatzeko ahalegin praktikoa egingo du Naroa Agirrek

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 6a

Naroa Agirre, ostiralean Alondero aretoan eskaini zuen hitzaldian. (M. Txintxurreta)

Naroa Agirre pilotariak unibertsitateko Gradu Amaierako Lana aurkeztu zuen atzo. Azaldu zuenez, jatorri arabiarreko neskak ez dute parte hartzen pilota eskolan, eta horren arrazoiak aletu zituen. Egoera irauli asmoz, urtarriletik aurrera jatorri arabiarreko neskei zuzendutako topaketa batzuk martxan jarri nahi dituela iragarri zuen.

Zestoako santakutzetako pilota txapelketaren azken edizioko parte hartzaileak aintzat hartuz gero, baieztatu daiteke jatorri arabiarreko neskek badutela pilotan aritzeko gogoa. Txapelketa horretan, benjamin eta alebin kategorietan parte hartu zuten nesken erdiak jatorri arabiarrekoak ziren; alebinetan, gehiengoa ziren jatorri arabiarrekoak, 6tik 4 jokalari. “Interesa badute, jokatu nahi dute”, segurtatu zuen atzo Naroa Agirre Zestoako pilotari profesionalak. Gogo hori, baina, ez da gorpuzten herriko pilota klubean: 39 jokalarien artean 9 dira neskak, eta jatorri arabiarrekoak, zero.

Arroako pilotariak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradurako ondu duen lana aurkeztu zuen atzo, ostirala, Zestoako Alondero aretoan. Zergatik ez dute neska arabiarrek esku pilota praktikatzen? galderak abiatu zuen Agirreren gradu amaierako lana, eta aurkitu ahal izan dituen erantzunak aletu zituen jendaurrean.

Lan horretan hasteko abiapuntua, azaldu zuenez, pilota partida baten amaieran neska talde batek helarazi zion mezua izan zen. “Pilotan gustura arituko liratekeela esan zidaten, eta horietako hiru arabiar jatorrikoak ziren”, esan zuen.

Ikerketak Zestoara lurreratuz

Naroa Agirrek Zestoako kasua ikertu du Gradu Amaierako Lanean, eta egoera iraultzen saiatzeko proposamen bat ondu du. Hala ere, proposamena aurkeztu aurretik, egoeraren inguruko testuingurua eskaini zien Alonderora gerturatu ziren herritarrei.

Hainbat ikerketek utzi duten literatura zientifikoa aztertu du Agirrek, eta horien emaitzak aintzat hartuta, baieztatu zuen ariketa fisikoak eragin positiboa duela 10 eta 14 urte bitarteko haurren ongizate fisikoan, psikologikoan eta sozialean. Hala ere, ohartarazi zuen gizartea gero eta sedentarioagoa dela eta, besteak beste, gaztetxoek pantailen aurrean igarotzen duten denborarengatik.

Badira, hala ere, kirola egiteko oztopo izan daitezkeen bestelako aldagai batzuk, Naroa Agirrek esplikatu zuenez: “Ikerketen arabera, gurasoen bizi estiloak eragin zuzena du haur eta nerabeen kirol ohituretan. Bestalde, gorputzarekiko irudia, lotsa, estigmatizazioa… Horrelakoak oztopo bilakatzen dira nerabezaroan. Eta zenbait ikerketek diotenez, erlijioaren eta emakumezkoen kirolaren arteko harremana oztopo izan daiteke”.

Literatura zientifikoak esaten duena Zestoan lurreratzeko asmoz, Naroa Agirrek elkarrizketa sakonak egin zituen herriko aisialdi arloko arduradun batekin, Herri Eskolako zuzendaritzako kide batekin, eta Zestoako arabiar jatorriko emakume batekin. Horiez gain, Mugiment ekimeneko sortzaileetako bat elkarrizketatu zuen. Jarduera fisikoa areagotzeko eta sedentarismoa murrizteko ekimenak bateratzen dituen ekimena da Mugiment. Bestalde, galdetegi anonimo bat sortu zuen, eta alaba nerabeak dituzten jatorri arabiarreko Zestoako gurasoei zabaldu zien. Hitzaldiaren hasieran zehaztu zuenez, Zestoako biztanleen %4,7 jatorri musulmanekoa da, eta jatorri musulmaneko 14 neska aritzen dira Herri Eskolan.

Narroa Agirre: "Kirolak eskaintzen dituen onura sozialen artean, garrantzitsua da integrazioan laguntzen duela, komunitateen arteko zubi-lanak egiten ditu”

Naroa Agirrek ondorioztatu zuen elkarrizketetan eta galdetegietan adierazitakoak literatura zientifikoak dioenarekin bat egiten duela, hots, kirolak onura fisikoak, kognitiboak eta sozialak dakartzala. “Jarduera fisikoa osasuntsua dela badakigu, baina gainera, egiaztatu da ona dela 6 eta 8 urte bitarteko haurrek oinarrizko gaitasun motorrak eskura ditzaten. Bestalde, gaitasun kognitiboa hobetzen du, eragin positiboa du hizkuntzarako gaitasunean, pentsamendu kritikoan eta abstraktuan, komunikazio harremanetan, arretan… Nerabezaroan ohikoak diren lotsaren eta beldurraren aurrean, jarduera fisikoak autoestimua sustatzen lagundu dezake. Eta, kirolak eskaintzen dituen onura sozialen artean, garrantzitsua da integrazioan laguntzen duela, komunitateen arteko zubi-lanak egiten ditu”, aletu zuen Zestoako pilotariak.

Proposamen praktikoa: topaketak

Jarduera fisikoak eskaintzen dituen onura guztiak aintzat hartuta, ezinbestekoa da bizilagun guztiek herriko kirol eskaintzan parte hartzeko aukera berdinak izatea. Asmo horri segika, eta jatorri arabiarreko neskak pilotara gerturatzeko helburu zehatzarekin, Zestoan garatu nahi duen proposamen praktikoa aurkeztu zuen Naroa Agirrek Alonderon.

Urtarriletik aurrera, hilabetean bi larunbatez, jatorri arabiarreko 10 eta 14 urte bitarteko neskei zuzendutako pilota topaketak antolatu nahi ditu Agirrek. Topaketak 10:00etatik 11:00etara izango lirateke, Zestoako kiroldegiko frontoian, eta Agirrek berak dinamizatuko lituzke. “Berez, denek dute aukera pilota eskolara joateko, baina orain arte ez dira joan. Horrek erakusten digu orain arteko bideek ez dutela funtzionatu, beraz, beste batzuk probatu behar ditugu. Asmoa da topaketa hauekin neskak pilotara erakartzea, eta pilotan aritzeko duten gogoa mantentzea, pilota eskolan parte har dezaten”, azaldu zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide