Azaroaren 26az geroztik, duela 40 urte Guardia Zibilak atxilotu, torturatu eta hil zuen Mikel Zabalzaren memoria herriz herri zabaltzen ari da 1985eko autobus baten erreplika bat. Etzi, ostirala, Zestoako plazan egingo du geldialdia autobus horrek, 12:00etatik 20:00etara, bertaratu nahi duten herritarrek Zabalzaren zein egitasmoaren berri izan dezaten.
Mikel Zabalza (Orbaizeta, Nafarroa, 1952) Donostiako autobus zerbitzu publikoko langilea zen 1985ean Guardia Zibilak atxilotu, torturatu eta hil zuenean. Autobus gidaria desagertuta egon zen urte hartako azaroaren 26tik abenduaren 14an haren gorpua Bidasoa ibaian aurkitu zuten arte, eta aurten, data berberetan, autobus bat Zabalzaren memoria plazaz plaza zabaltzen ari da, Zabalzaren Dbuseko lankide ohien, Torturatuen Sarearen eta Egiari Zor-en ekimenez.
Autobus gidaria desagertuta egon zen hogei egunetan, haren lankideek Hemen ez dago gidaria, non dago? idatzita zuen pankarta zintzilikatu zuten autobus batean, eta Donostiako udaletxe aurrera eraman zuten ibilgailua. Mezu bera ekarriko du kanpoaldean etzi Zestoan geldialdia egingo duen autobusak. Barruan, berriz, Zabalzaren oroimena jasotzen duen erakusketa ikusteko aukera izango dute herritarrek; zehazki, haren atxiloketaren, desagerpenaren eta heriotzaren inguruko testigantzak, irudiak eta azalpenak, baita Zabalzaren kasuak piztu zituen mobilizazio sozial erraldoien memoria ere.
1985eko autobusaren erreplika Orbaizeta, Iruñea eta Bortziriak zeharkatu ostean iritsiko da Zestoara. Hurrengo egunean Errenteriara egingo du, eta igandean, berriz, Donostian amaituko du memoriaren bidaia.
Ekitaldia idazleekin
Donostian, egitasmoaren amaierako ekitaldian, idazle ezagunak tartean izango dituen errezitaldi bat eskainiko dute, besteren artean.
Ostiralean, Zestoan, ekitaldi horren aurrekari xumeago bat eskainiko dute Zabalzaren oroimenezko autobusean bertan, 19:00etan. Eskualdeko zenbait idazlek, Jose Luis Otamendi eta Xabier Gantzarain tartean direla, Ion Arretxeren Intxaurrondo. Intxaurraren ostopeko itzala liburuaren pasarteak irakurriko dituzte han. Zabalza atxilotu zuten operazio berean atxilo hartu zutenetako bat izan zen Arretxe; Zabalzak bezala, tortura latzak jasan zituen Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean, eta han bizitakoak kontatu zituen aipatu liburuan.