Gabon bete-beteak izango dituzte Arroabean

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 9a

2023an Arroabean Gabon eskean aritu zen taldea.

Abenduaren 11ean hasi eta urtarrilaren 9ra arte, hainbat ekimen antolatu dituzte auzolanean Arroako bizilagunek. Ostegunean izango da Gabonetako egitarauko lehenengo ekintza: Gabon kantak entseatzeko elkartuko dira Elkargunean.

Arroabeko bizilagunek indarrak batu dituzte auzolanean, eta egitarau bete-betea prestatu dute Gabonetarako. Ostegunean, hilak 11, izango da urtarrilaren 9ra bitartean antolatu dituzten ekintzetan lehenengoa: Gabon kantak entseatzeko elkartuko dira 19:00etan Elkargunean.

Hilaren 18an, halaber, Gabon kanten bigarren entsegua egingo dute, eta hurrengo egunean, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ospatuko dute kalejiran, 10:30ean eskolatik abiatuta.

Abenduaren 20an, goizez, Zestoako adinekoen egoitzetan kantuan egingo dute. Arratsaldean, berriz, 5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako Mendia poltsan estanpazio tailerra egingo dute.

Hilaren 22an nahiz 29an, Txepetxa aisialdi taldea arduratuko da Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrentzat jarduerak dinamizatzeaz.

Eguberri Egunaren bezperan, Gabon kanten entseguetan ikasitakoa erakutsiko dute arroarrek, 09:00etan Gabon eskea egingo baitute baserriz baserri.

Errege Magoen txanda

Olentzero eta Mari Domingi agurtu orduko, Errege Magoei ongi-etorria emateko prestatuko dira Arroabean. Horrela, urtarrilaren 4ean eta 5ean, Erregeentzako gutunak elizaren pareko postontzian uzteko aukera izango dute auzotarrek. Hilaren 5ean, arratsaldez, Olaetatik iritsiko dira Errege Magoak Arroabera, eta orduan jasoko dituzte eskutitzak.

Gabonetako egitarauari jatekoarekin emango diote amaiera arroarrek urtarrilaren 9an, arratsaldez. Gominola tailerra egingo dute lehenik, eta iluntzean afaria egingo dute Ederki elkartean.

Hona hemen Arroabeko Gabonetako egitarau osoa:

Abenduak 11+18

  • 17:00. Gabon kanten entseguak, elkargunean.

Abenduak 19

  • 10:30. Olentzero eta Mari Domingiren etorrera kalejiran, eskolatik.

Abenduak 20

  • 10.45. Adinekoen egoitzetara kantu bisita, plazatik kotxez abiatuta.
  • 17:00-19:00. Mendia poltsan estanpazio tailerra 5-12 urte bitarteko haurrentzat. Izena emateko, bidali whatsapp mezua 688 684 029 telefonora abenduaren 12a baino lehen.

Abenduak 22

  • 11:00etan. Txepetxa Haur Hezkuntzakoentzat.
  • 12:00etan. Txepetxa Lehen Hezkuntzakoentzat.

Abenduak 24

  • 09:00. Gabon-eskea kantuan.

Urtarrilak 4+5

  • 16:00-19:00. Errege Magoentzako gutunen postontzia, eliza atarian.

Urtarrilak 5

  • 18:10. Errege Magoen etorrera, Olaetatik abiatuta.

Urtarrilak 9

  • 17:00. Gominolak egiten ikasteko tailerra, Elkargunean. Izena emateko, bidali whatsapp mezua 688 684 029 telefonora abenduaren 20a baino lehen.
  • 20:00-21:00. Olentzerotako afaria haurrentzat 20:00etan eta 14 urtetik gorakoentzat 21:00etan. Urtarrilaren 3tik 8ra Txara dendan izena emateko aukera egongo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide