Txepetxa hasi da txioka Arroabean, txiki eta harro

Mailo Oiarzabal 2025ko urt. 23a, 09:19

HHkoen taldeko haurrak margotzen, Txepetxa aisialdi taldearen estreinako saioan. (Txepetxa)

Aisialdi talde berria sortu dute auzoan, Zestoakoaren lekua hartuta, haurren artekoak ez ezik, belaunaldien arteko harremanak eta elkarbizitza bultzatzeko.

2025aren hasierarekin jarri dute martxan Arroabean Txepetxa, orain arte Zestoako Barbantxo egitasmoak ematen zuen haurrentzako aisialdi eskaintzaz arduratzen hasi den elkarte berria. Ekimen faltarik ez da Zestoako herrigunetik kanpoko auzo populatuenean, eta horren azken erakusgarria da Txepetxa.

Arroabean gauzatu duten parte hartze prozesuak emandako fruituetako bat da Txepetxa Aisialdia KM0 elkartea. "Duela urtebete inguru bururatu zitzaigun ideia da, eta ikasturte honen hasiera aprobetxatuz, elkartea eratzen hasi ginen", azaldu du Txepetxa sortu duen hirukoteak: Jaione Aristondo, Eliane Ruiz eta Ane Guridi dira, hain zuzen, 17 urterekin, aisialdi taldea martxan jarri duten hiru lagunak. "Arroako haur eta gazteen arteko harremana sustatzeko, ideia paregabea iruditu" zitzaien hiru gazteei "herritik eta herriarentzat" egindako aisialdi talde berria sortzea. "Herri nortasuna bultzatu nahi izateak ere gogoa eta indarra" eman zizkien proiektuan murgiltzeko.

Izan ere, 12 urte arteko haurrentzako aisialdi eskaintza erdigunean duen proiektua izan arren, elkartearen helburua zabalagoa dela azaldu dute hiru sortzaile eta kideek: "Herrian aisialdi elkarte bat sortzeko beharra nabarmendu genuen, auzoko belaunaldi ezberdinen artean harremanak eta elkarlana sustatzeko. Gure elkartea ez dago bakarrik gazteoi zuzenduta; herri osoari begiratzen diogu, elkarbizitza sustatzeko eta guztien parte hartzea bultzatzeko". Aipatutako parte hartze prozesuan, Arroabeko gainerako eragileekin landu zuten aisialdiaren arloa, eta elkartearen sorrera "batez ere" Zestoako Udalaren eta Oinherriren laguntzari esker gauzatu dutela azaldu dute Aristondok, Guridik eta Ruizek.

Inoren inbidiarik ez

Txepetxa izenarekin bataiatu dute Arroabeko aisialdi taldea, eta ondo pentsatutako erabakia izan da izenarena ere. Gipuzkoako Eskola Txikien sareko kidea da Arroabeko Eskola, eta sare horren abestiarekin lotura estua du aisialdi taldearen izenak. Txepetxa aipatzen dute eskola txikien ereserkiaren hitzek, eta txori txiki horri erreferentzia egiten dioten kantuaren pasarteekin "identifikatuta" sentitzen dira aisialdi taldeko kideak: "Arroa kantu eta esaldi honekin identifikatzen dela iruditu zitzaigun: 'Txepetxa bera ere, txorietan txikiena, polit askoa da, inbidik ez duna'". Leloa ere badu Txepetxa aisialdi taldeak, sorrerako helburuetan oinarritzen dena: Adarrez adar habia eraiki, belaunaldiz belaunaldi Arroa bizi.

Arroabea bere txikitasunean handia dela aldarrikatzen dute urtero bertakoek, horretarako ekintza sorta antolatuz, eta txikitasunaren handitasun hori goratzearekin bat datoz erabat Txepetxaren sustatzaileak ere, baita herritartasuna ere. "Arroabea oso herri aktiboa da, eta hori herriko eragileen eta herritarren parte hartzean islatzen da. Nahiz eta txikia izan, parte hartze handia dago herrian, eta hori herria bera bizirik mantentzeko arrazoi garrantzitsuenetako bat da".

Parte hartze indartsu horretan beren alea jartzera datoz Txepetxakoak. 19 urte bitarteko 168 haur, nerabe eta gazte bizi dira egun Arroabean, aisialdi taldekoek emandako datuen arabera, eta horietako askorentzat erreferentzia izateko asmoarekin jaio da Txepetxa. Arroabean bizitzea "sekulako zortea" da Txepetxako hiru kideentzat, auzotar guztiek elkar ezagutzen dutelako, batez ere. Txikia izan arren, herrian dituzten baliabideak eta aukerak ere goraipatu dituzte Aristondok, Guridik eta Ruizek; Txara denda, bi taberna, garraio publiko zerbitzuak eta aisialdi ekintzak egiteko lokalak nabarmendu dituzte.

"Harrotasun handiz esatera ausartzen gara Arroabea bezalako auzo bizi, aske eta euskaldun batean hezteko eta hazteko aukera eta zortea eduki dugula, eta eskerrak ematea besterik ez zaigula falta, Arroan bizitzeko aukera dugulako", dio hirukoteak.

Egutegia prest

2 eta 12 urte arteko haurrentzako aisialdirako ekintzak antolatuko ditu Txepetxak Arroabean. Esan bezala, hil honetan hasi dira umeekin lanean. Saio bakarra egin dute orain arte, baina datozen hiletarako ekintzen egutegia prest dute; urtarrilaren 31n, otsailaren 14an eta 28an, eta martxoaren 7an eta 21ean izango dituzte datozen hitzorduak. Bi taldetan banatuta egingo dituzte ekintzak, HHkoak (2 eta 5 urte artekoak) talde batean eta LHkoak (6 eta 12 artekoak) bestean direla, Elkargunean. Hiruhileko bakoitzeko egutegiaren berri ArroaInfo Whatsapp taldean emango dute Txepetxakoek, eta seme-alabak apuntatu nahi dituzten auzoko gurasoek 688 68 40 29 zenbakira Whatsappez mezua bidali beharko dute.

"Kirola eta eskulanak egiteko edo mahai joko ezberdinetan jolasteko aukera edukiko dute haurrek saioetan. Gure asmoa da Txepetxa guztiak errespetatuak eta onartuak izango eta sentituko diren leku dibertigarri eta segurua izatea, non beraiek konfiantzarekin sentituko diren, diren bezalakoak izateko beldurrik eduki gabe", azaldu dute aisialdi taldearen arduradunek.

Negu betean hasi da txepetxa txioka Arroabean, entzun nahi duenarentzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide