Zestoako Udaleko Gazteria sailak zabaldu du Gabonetako aisialdi ekintzetan izena emateko epea. Abenduaren 29an, 30ean eta urtarrilaren 2an egingo dituzte ekintzak, besteak beste, buruarinen tailerra, partxis jolasa, Txuri-Urdinera irteera, gominola tailerra nahiz patata tortilla lehiaketa. Abenduaren 13a izango da hitzorduetarako izena emateko azken eguna, eta horretarako, 688 68 40 29 telefono zenbakira deitu beharko dute herritarrek.
Abenduaren 29an, astelehenez, Haur Hezkuntzako 4. eta 5. nahiz LH 1. eta 2. mailetako ikasleek Buruarinen tailerrean parte hartu ahal izango dute, 16:00etatik 18:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, Alonderon. Ume bakoitzak heldu batek lagunduta parte hartu ahal izango du Ekain guraso elkarteak antolatutako hitzorduan. Halaber, egun horretan LH 5. eta 6. mailetako ikasleek partxis erraldoia egingo dute 16:30etik aurrera, Gaztelekuan.
Hurrengo egunean, abenduaren 30ean, Txuri-Urdinera joan ahal izango dute LH 5. eta 6. mailetako nahiz DBHko ikasleek. Kiroldegiaren aurretik aterako dira Donostiara, 15:45ean, eta Zestoara 20:30ean itzuliko dira; autobusa Aizarnan edo Arroabean ere hartu ahal izango dute ikasleek. Irteerara joan nahi dutenek 15,45 euro ordaindu beharko dute.
Bestalde, urtarrilaren 2an, ostirala, bi hitzordu izango dituzte Zestoako gaztetxoek: batetik, LH 3. eta 4. mailetako ikasleek gominola tailerra egingo dute; eta DBHkoek, berriz, patata tortilla lehiaketa. Gominola tailerra Alonderon egingo dute, 16:45etik 17:45era eta 18:00etatik 19:00etara, Ekain guraso elkartearen eskutik. Patata tortilla lehiaketa, berriz, 16:00etan hasita egingo dute, Gaztelekuan.