Gipuzkoako eliza bigarren Frankismoan (1959-1975) jarraitutasunak eta erresistentziak izenburupean, ostiralean jardunaldia egin zuten Donostiako Gunea espazioan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendaritzak antolatutako topaketan Gipuzkoako Elizak diktadurapean izan zuen papera aztertu zuten. Hizketan aritu ziren lagunen artean izan ziren Jesus Mari Mujika Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Felix Azurmendi Azkoitiko erretorea, eta haiekin batera jardun zuten solasean Anabella Barrosok eta Antonio Perez Enbeitak, Jon Penche EHUko ikertzaileak gidatuta.
Jardunaldia mugarri batetik abiatuta egin zuten: 1960ko maiatzean 339 euskal apaizek publiko egin zuten gutuna, zeinetan erregimen frankistaren legitimitatea zalantzan jarri zuten eta Euskal Herriaren nazio aldarrikapenak azaldu zituzten. Dokumentu haren ondorioz, euskal eliza, eta berezi Gipuzkoakoa, agintari frankisten zaintza estuaren pean gelditu zen. Zehazki, orden publikoaren indarrek etengabe ikertu zituzten Elizaren jarduera pastorala, erakundeak langileen mugimenduarekin zituen loturak, euskararen eta euskal kulturaren alde egiten zuen defentsa, baita ezkutuko indar politikoekin nahiz ETArekin zituen harremanak ere. Gainera, apaiz hainbat auzipetu zituzten, eta horiek Zamorako kartzela konkordatura eraman zituzten.
Ion Gambra Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusiak eta Enara Garro Zigor Zuzenbideko irakasle eta EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrako koordinatzaileak ireki zuten jardunaldia. Horiek biek nabarmendu zuten garrantzitsua dela garai hura kritikoki berrikustea, kultura demokratikoan eta lurraldeko memoria politiketan sakontzen jarraitzeko. Gero, Euskal Eliza eta frankismoa, argi-itzalak hitzaldia eskaini zuen Anabella Barroso artxibozain eta ikerlariak, eta Antonio Perez Enbeita EHUren UNESCO Katedrako ikertzaileak Kleroaren babesa langileen mugimenduari bigarren frankismoan solasaldia.