Naroa Agirre (Arroagoia, 2003) 23 urtez azpiko Munduko Frontball Txapelketan murgilduta egon da azken egunetan euskal selekzioarekin, eta joan den asteburuan, txapelketaren azken partidak jokatu ditu taldeak Iztapalapan (Mexiko). Agirreren taldekide Nora Mendizabalek Frantziaren aurka galdu ostean, txapelketaren hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuen larunbat goizean arroarrak, Espainia ordezkatzen zuen Goiuri Zabaletaren aurka. Agirrek ezin izan zuen Zabaleta mendean hartu, eta horrenbestez, laugarren postuan sailkatu da azkenean hark ordezkatu duen euskal selekzioa.
Euskal Herriko Pilota federazioak azaldu duenez, Zabaletak "agintaritza handia" erakutsi zuen partidan, eta Agirre, kontrara, ez zen "eroso" sentitu kantxan. Arroarrak, ordea, ez zuen amore eman, eta tanto bakoitza "borrokatu" zuen. Hala ere, ezin izan zion Zabaletari aurre hartu, eta markagailua 10-02 eta 10-01 zela amaitu zen bien norgehiagoka. Horrenbestez, euskal selekzioak laugarren postua erdietsi zuen kategoria horretan. Finala, bestalde, Mexikok eta Frantziak jokatu zuten, eta Amerikako herrialde horretan geratu zen txapela.