Naroa Agirre: "Munduko Txapelketa jokatzeko aukera ez da egunero izaten"

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 14a

Naroa Agirre, Iztapalapan. (Utzitakoa)

Euskal selekzioarekin 23 urtez azpiko txapelketa ari da jokatzen Naroa Agirre pilotaria, Mexikon. Multzokako fasean Argentinari eta Frantziari irabazita, finalerdietan da hura. Hain justu, Frantziaren aurka jokatuko dute berriro. 

Naroa Agirre (Arroagoia, 2003) 23 urtez azpiko Munduko Frontball Txapelketa ari da jokatzen euskal selekzioarekin, Iztapalapan (Mexiko). Astelehenean, Argentinari 2-0 irabazi zion Agirrek (10-2 eta 10-0), eta herenegun, Nora Mendizabal taldekideak Frantzia hartu zuen mendean. Hori hala, txapelketaren finalerdietara sailkatu da euskal selekzioa. Bihar jokatuko dute finalaren atariko neurketa, Frantziaren aurka. Espainiak eta Mexikok jokatuko dute finalerdietako beste lehia. 

Argentinari irabazi zenion txapelketako lehen partidan. Nola joan zen lehen hitzordua?

Argentinarrak frontballean jokatzen sekula ikusi gabe nengoen. Partida jokatu aurreko gauean esan zidan hautatzaileak ni izango nintzela haien aurka jokatuko zuena. Munduko Txapelketako aurreneko partida izanik, tentsio pixka bat nuen. Gainera, segituan bete zitzaidan hauspoa; Mexiko Hiria 2.200 metrora dago eta kutsadura handia da. Hasieran urduritasun puntu bat ere izan nuen, baina behin partidan sartuta, hobeto sentitu nintzen. Bigarren seta erraz atera nuen aurrera. 

Munduko lehia batean parte hartzeak sortuko du barruan berezia den zerbait...

Beste herrialdeetako jokalariak nazioarteko txapelketetan ikusten ditugu bakarrik, hala nola Europako edo munduko txapelketetan. Momentu ederrak bizitzen ditugu haiekin berriro elkartzean; izan ere, ez dugu jakiten ezagunak zaizkigun beste herrialdeetako jokalariak berriro ikusteko aukerarik izango dugun, ez dugu jakiten-eta hautatzaileek halako txapelketetarako deituko gaituzten edo ez. Selekzio guztietako ordezkariak hotel berean gaude orain, eta elkarrekin gosaltzen dugu. Momentu horiek oso-oso bereziak izaten dira. 

Mexikora bidaia egiteko aukera izatea bera ere egundokoa da, bestela, beharbada, ez nintzateke-eta hona etorriko. Berezia da nire herria ordezkatuz munduko txapelketa jokatzea. 07:00etan autobusa hartu eta 50 minutu inguruko bidaia egin behar izaten dugu Iztapalaparaino; segurtasuna bermatzeko, badaezpada Iztapalapatik kanpo ari gara atseden hartzen. 

Egun gutxi daramatzazue Mexikon. Zein izan da orain arteko unerik bereziena?

Aurkezpen eguna izan da orain arteko momentu bereziena. Txapelketan parte hartzen ari diren 25 herrialdeetako ordezkariak eta pilota zale ugari elkartu ziren frontoian lehen egunean. Kantxara sartu arte ezin izan genuen harmailetan zenbat jende bildu zen ikusi, baina behin aterata, egundoko jendetzarekin egin genuen topo. Dantzak-eta egin zituzten, eta txaloka hartu gintuzten euskal selekzioaren izena aipatu zutenean. 

Zein da zuretzat txapelketa irabazteko hautagai nagusia?

Egundoko maila dago. Iruditzen zait herrialde askok dutela domina lortzeko aukera; edonork edonoren aurka galdu ahal duela uste dut. Faboritoak dira Mexiko, Espainia eta Frantzia; ordea, gure selekzioa ere zerrenda horretan sartuko nuke. Dena den, Venezuelako eta Kubako jokalariak ikusteko aukera ere izan dut, eta haiek ere nabarmenduko nituzke. Hemendik aurrerakoa oso-oso zaila izango da. 

Frontballa ez da ohiko modalitatea zuretzat.

Mexikora etorri garen taldekideak frontoian edo trinketean aritzen gara normalean. Dena den, parte hartu izan dut frontballaren antzerako beste modalitate batean ere, One Wallean, baina zeharo desberdina da; materiala bera da, frontballean txapa dago eta One Wallean ez... Jokatzeko modua ere oso-oso desberdina da. 

Frontballean segi egin behar da, baina zenbait partidatan pazientzia agortzen zait. Pilota biziekin jokatzen dira partidak, eta asko kostatzen da aurkariari tantoa egitea. Era berean, oso erraza da pilota galtzea, modalitate honetan ez dago-eta ezker paretarik; askotan joaten zaigu pilota arrastotik kanpora. Halere, eroso ari naiz sentitzen defentsan, eta erasoan ere ondo mugitu nuen pilota Argentinaren aurkakoan. 

Nola prestatu zara Munduko Txapelketarako?

Euskal selekzioaren aurre aukeraketa faseko lansaioetan hasi nintzen aurrena. Selekzioak zerrenda ofiziala atera zuenean, berriz, selekzioaren entrenamenduei eutsi ahal izan nien. Gainera, prestatzaile fisikoa ere badugu, frontoitik kanpo arlo fisikoa lantzeko. Zestoako pilota eskolakoekin ere ibili naiz entrenatzen; izan ere, Zumaian jokatu dute aurten Euskal Herriko Frontball Txapelketa, eta Zestoako zenbait lagunek txapelketa horretan parte hartu dutenez, haiekin batera egin ditut zenbait entrenamendu. Buru-belarri entrenatzen ahalegindu naiz txapelketara ahalik eta mailarik onenean iristeko.

Zer arrazoigatik da zuretzat berezia frontballa?

Munduko Txapelketan ofizialtasunez lehiatzeko aukera izateagatik da berezia. Baliteke oraingoa nire aukera bakarra izatea; batetik, txapelketa hau aurten ofizialki ari garelako lehiatzen, eta bestetik, Euskal Herriko pilotariek duten mailagatik. Oso zaila da horrelako txapelketa baterako hautatua izatea. Munduko Txapelketa jokatzeko aukera ez da egunero izaten, eta gutxiago, gure kasuan, ofizialtasunez jokatzekoa.

Frontballak Euskal Herrian etorkizuna izan dezakeela uste duzu?

Munduko Txapelketa dela eta, aurten antolatu dute aurrenekoz Euskal Herriko Frontball Txapelketa. Australiako 2032ko Olinpiar Jokoetan frontballa sartzea nahi dute; pilotako modalitateren bat olinpiko egingo badute, hori frontballa izango da. Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioak euskal selekzioa kide ofizial gisa aitortzen badu eta Olinpiar Jokoetan modalitate hau txertatzen badute, iruditzen zait gero eta txapelketa gehiago antolatuko direla aurrerantzean Euskal Herrian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide