Barroko aroko musika, Aizarnako organo barrokoarentzat

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 16a

Xabier Urtasun Aizarnako parrokiako organoan, gaur, kontzertua hasi aurretik. (Mailo Oiarzabal)

Gipuzkoako Organoak zikloaren barruan kontzertua eman du gaur eguerdian Xabier Urtasunek Andre Mariaren Jasokundearen elizan.

Gipuzkoako Organoak zikloaren 36. aldiak gaur izan du bigarren hitzordua Urola Kostan. Aurreko asteburuan Itziar Urbietak eta Iraia Bereziartuak Azpeitian emandako kontzertuaren ondoren, gaur Aizarnan egin du geldialdia Fray Joseph Echevarria elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatutako egitasmoak.

Gaur egun Musikenen irakasle ari den Xabier Urtasun nafarrak eman du gaurko kontzertua. Elkarte antolatzaileko Loreto Fernandez Imazek sarrerakoan nabarmendu bezala, organo barrokoa da Aizarnako Andre Mariaren Jasokundearen parrokiakoa –1792koa eta Joan Manuel Betolazak egina, hain zuzen–, eta bera bezalako hiru besterik ez daude Gipuzkoan. Eta kontzertua XX. mendeko pieza batekin hasi badu ere (Maurice Kogelen Raga), barroko aroko egileenak izan dira Urtasunek gaur Aizarnan eskaini dituen sorkuntza gehienak. Horrela, Antonio de Cabezon, Pablo Bruna, Heinrich Scheidemann, Girolamo Frescobaldi, Francisco Correa de Arauxo, Domenico Scarlatti, Carlos Seixas eta Anna Bon di Venezia musikarien doinuak entzun ahal izan dituzte koruan bertan zein elizako eserlekuetan kontzertua jarraitu dutenek, Diferencias sobre la gayta XVII. mendeko pieza anonimoarekin batera.

Zumaian izango du eskualdeko hurrengo hitzordua Gipuzkoako Organoak zikloak; Mikel Ansolak emango du kontzertua han, gaur hamabost, azaroaren 30ean. Abenduaren 26an, berriz, Orion izango du zikloak Urola Kostako azken hitzordua, Joxean Pascual organistarekin eta Karmele Muso sopranoarekin.

Urtasun eta eta ikus-entzuleak Loreto Fernandez Imazen azalpenak entzuten. (Mailo OIarzabal)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide