Lurraldeko organoek duten balioa gizarteratzeko askotariko ekintzak egin dituzte azken urteotan. Izan ere, elizen goialdean gordetzen dituzten musika instrumentu horiek erabat ezezagunak dira askorentzako. Mezei eta hiletei soinu banda jartzen dien tresna konplexuak besterik ez dira izango herritar batzuentzako. Dena den, Gipuzkoako Foru Aldundiak nabarmendu duenez, "Gipuzkoan Europako organo bilduma garrantzitsuenetako bat dago". Esku artean dituzten datuen arabera, 150 instrumentu inguruk osatzen dute lurraldeko organo ondarea.
Tresnak baino gehiago, artelan batzuk direla erakusteko ziklo edota jaialdiak antolatu dituzte. Horren adibide dira flyschak jantzitako kostaldeko herrietan uda sasoian egiten duten Nazioarteko Flysch Organo Jaialdia, edo Urola bailaran barrena joanda, Azkoitian, Azpeitian eta Bergaran egiten duten eta aurten 26. aldia bete duen Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa.
Azken hori bezala, Fray Joseph Echevarria elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, antolatzen du Gipuzkoako Organoak zikloa. Aipatu elkarteak helburu jakin bat du: "Ingurune kultural eta artistiko propio batean murgilduta dagoen musika tresna gisa sustatzea organoa". Elkartearen bigarren helburua organo jotzaileen eta organo maitaleen lankidetzari bizia ematea izango litzateke.
Lau saio eskualdean
Aurtengoarekin 36. edizioa beteko du organoaren bueltan antolatutako jaialdi ibiltariak, Gipuzkoako Organoak zikloak, eta lurraldeko bederatzi herri edo auzotan egingo du geldialdia, azaroa eta abendua artean. Horietatik lau emanaldi eskualdeko eliza, parrokia edo basiliketan izango dira.
Urola Kostan programatutako lehen kontzertua azaroaren 8an izango da, larunbatean, Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Itziar Urbieta organista eta Iraia Bereziartua biolin jotzaile azpeitiarrek emango dute kontzertua. Iaz ere, leku berean izan ziren biak, zikloaren barruko emanaldia eskaintzen.
Azaroaren 16an, Aizarnako (Zestoa) Jasokundearen elizan izango da kontzertua. 12:00etan hasiko da, eta Xabier Urtasun izango da organo jotzailea. Bi aste geroago, azaroaren 30ean, Mikel Ansola organista bizkaitarra izango da Zumaian kontzertua ematen. Saioa 19:00etan hasiko da, San Pedro Apostol parroki elizan.
Amaitzeko, abenduaren 26an, Gabonen bueltan, Orion izango da kontzertua. Ostiralean izango da, 20:00etan hasita, eta Joxean Pascual organista eta Karmele Muso sopranoa izango dira protagonistak.