Aurrekontu aldaketa eta Bingen Zupiriaren aurkako pintaketa mintzagai, Zestoako udalbatzarrean

Ihintza Elustondo 2025eko urriaren 31

Aurreikusitakoa baino diru gehiago beharko du Zestoako Udalak gizarte larrialdietarako laguntzen gastuetarako, eta aho batez onartu dute aurrekontu aldaketa urriko udalbatzarrean. Bingen Zupiria sailburuaren aurka Lasaon azaldu zen pintaketaren harira mozioa aurkeztu du EAJk, baina ez dute onartu. Terrazen ordenantza eta Kultura batzordeburuaren gabezia ere izan dituzte mintzagai.

Urriko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo, ostegunez, Zestoan. Hainbat gai jorratu zituzten: aurrekontu aldaketa, terrazen ordenantza eta Bingen Zupiria sailburuaren aurkako pintaketaren harira EAJk aurkeztutako mozioa, besteak beste.

Osoko bilkurako punturik garrantzitsuena 2025eko aurrekontuen bigarren aldaketa izan zen. Mikel Arregi alkateak azaldu zuen 226.443 euroko gastu igoera izan duela udalak, eta kreditu gehigarri eta kreditu transferentzia bidez egingo diotela horri aurre. Kreditu gehigarrietan, gastuen gehikuntza orokor bat dutela jakinarazi zuen hark, 124.137 eurokoa, hain justu. Sarrera gehikuntza bat ere badutela esan zuen alkateak, nagusiki Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntza bati dagokiona, 49.000 eurokoa. Kiroldegiko ikastaroetatik ere udalak irabaziak izan dituela adierazi zuen Arregik. Sarreren gehikuntza horren bidez estali dute gastuen igoeraren zati bat, eta gainontzekoa, kreditu transferentzia bidez, 102.305 eurokoa. "Badaude beherakada batzuk gastuetan, aurrekontuetan aurreikusitakoa baino kostu txikiagoa izan dutelako, eta gastuen gehikuntza hori gastuen jaiste horiekin estaliko genuke", adierazi zuen.

Gastuen gehikuntzetan handiena gizarte larrialdietarako laguntzetan izan dela jakinarazi zuen herriko alkateak: 15.000 euroko gehikuntza izan da, hain zuzen ere, eta horrela, 91.000 eurora igotzen da gastu orokorra. "Kontuan izan behar da aurreko urteetan 100.000 euroko partida geneukala arlo horretarako, baina egoera ekonomikoa tarteko, aurrekontua gutxitu egin behar izan genuen. Gutxienez, 15.000 euroko gehikuntza bat egin da. Zoritxarrez, ez dakit urtea bukatu aurretik dauden eskari guztiak asetzeko gai izango garen aurrekontu aldaketa honekin", azaldu zuen alkateak. Gauzak ondo, urte bukaerako aurrekontua honako hau izango litzatekeela jakinarazi zuen Arregik: 7.860.421 euro. Zinegotzi denek bozkatu zuten aurrekontu aldaketaren alde.

Era berean, taxien tarifaren eguneratzea ere onartu zuten: tarifak KPIarekin eguneratzeko, taxien tarifari %2,7ko igoera aplikatzea onartu zuten, aho batez.

Alegazioa, terrazen ordenantzari

Ostatuetako terrazen ordenantzari buruz ere aritu ziren udalbatzarrean. Izan ere, ordenantza behin-behinean onartuta, herritarrek ikusteko moduan zegoen, eta bizilagunen komunitate batek alegazioa sartu dio hari. Batetik, terrazetako ordutegia ordu erdi murriztea eskatu dute, eta bestetik, 22:30etik aurrera tabernen ateak ixtea.

Alkateak azaldu zuen Eusko Jaurlaritzak aholkatzen dituen ordutegiak daudela ezarrita Zestoan, eta ordutegia ondoko herrietako bera dela. Herriko ostalaritzak bizi duen egoera ere aipatu zuen Arregik, eta hori horrela, ordutegia mantentzearen alde agertu zen. Era berean, gogorarazi zuen tabernetako ateek ezinbestean une oro itxita egon behar dutela jasotzen duela zuzentarauak, eta beraz, 22:30etik aurrera ixteko eskariaren aurka agertu zen. Alegazioa partzialki onartuta, ordenantza behin betiko bozkatu zuten bilkuran, eta aho batez onartu zuten.

Hurrengo puntuan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren aurka Lasaon agertu den pintaketaren inguruan EAJk aurkeztutako mozioa landu zuten. Garikoitz Mendizabalek hartu zuen hitza, eta esan zuen gertakari horiek "gure gizartea gidatu behar duten askatasunaren, bizikidetzaren eta errespetu demokratikoaren aurkako eraso onartezinak" direla. "Desadostasun politikoak ezin du inoiz seinalamendu pertsonala ekarri", gaineratu zuen. Era berean, jeltzaleak adierazi duen "halako ekintzek iraganeko etapak gogora ekartzen" dituztela. Horregatik, udalbatzan ordezkatuta dauden indar politiko guztiek gertatutakoa aho batez gaitzestea eskatu zuen hark. Era berean, beharrezkotzat jo zuen EH Bilduk "pintaketa eta mehatxu" horien aurkako adierazpen esplizitua egitea.

Arregik erantzun zion EH Bilduk talde bezala ezin zuela onartu mozio hori. Alkateak nabarmendu zuen ointaketak ez zirela Zestoako partean azaldu, nahiz eta hedabideek horrela esan zuten. "Azpeitiko Udalak berehala ezabatu zuen pintaketa, eta Nagore Alkortak zuzenean Bingen Zupiriari deitu zion. Azpeitiko Udalak aste honetan egin du udalbatzarra eta EAJk ez du moziorik sartu. Zestoan ez dut uste kontu honek gehiagorako ematen duenik. Uste dut Zestoan horrelako moziorik onartzea ez dela tokatzen". Gainera, "politikaren infantilizazioa" ikusten du pintaketaren atzean: "Pintaketa hori ez dakit mehatxua den edo diskotekatik irtenda egindako zerbait den". Dena den, alkateak esan zuen "pertsona baten ohoreari eraso egiten dioten gauza guztiak gaizki" daudela, eta hori horrela izanda, pintaketa horrek "berea eman" duela. EAJk mozioaren alde bozkatu zuen, baina EH Bilduk aurka.

Kultura batzordeburuaz

Galde-erreguen txanda iritsi zenean, EAJko Mendizabalek bi puntu nabarmendu nahi izan zituen. Batetik, Ogasun batzordea udalbatzarra baino bi egun lehenago biltzen dela aipatu zuen, eta horrek ez diola oposizioari "kontrasterako denborarik" uzten. Arregik erantzun zion horretan arrazoi duela.

Bestetik, Kultura batzordea izan zuen mintzagai jeltzaleen bozeramaileak; izan ere, EH Bilduren zinegotzi batek kargua utzi eta gero, haren ordez alkateak hartu du Kultura batzordeburuaren ardura. "Zinegotzi gabe gaude uda aurretik, eta orain jakin dugu alkatea izango dela batzordeburua, eta ziur aski, nahiz eta inork ez duen ezer esaten, kultur zinegotzia. Kultur eragilea naiz, eta eskua luzatzen dizut, eta ez da ironia, kudeaketan laguntzeko. Uste dut demostratu dudala kultura ez dudala politika egiteko erabiltzen, eta nire laguntza eskaintzen dizut", esan zion Mendizabalek Arregiri.

Alkateak eskaintza eskertu zion Mendizabali, eta zera adierazi zion: "Batzorde informatzaileetako presidentea alkatea da, eta gero presidentetza horiek delegatu egiten ditu. Kasu batzuetan, batzorde batzuetako presidentea alkatea ere bada, baina Kultura batzordekoa ez; batzorde horretakoa EH Bilduko zinegotzi bat zen. Dimisio bat egon da, eta hutsune bat zegoen ardura horretan. Arrazoi ezberdinengatik, ordezkatzeko modurik ez dugu aurkitu, eta aurrerantzean, halabeharrez, batzorde horren ardura alkateak hartuko du".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide