Hiru kontzerturekin, musikak blaituko du Zestoa zapatuan

Maddi Txintxurreta 2025eko azaroaren 24a

Aitor Huergo musikaria, gitarrarekin. (Utzitakoa)

Aitor Huergo & Lagunek, Nabasi eta Kaskezur taldeek kontzertu bana eskainiko dute 19:00etatik aurrera, Kultur Etxean eta Gaztetxean. 

Askotariko musika doinuek girotuko dute Zestoa datorren larunbatean, eraikin berean dauden Kultur Etxean eta Gaztetxean hiru kontzertuz gozatzeko aukera izango baitute herritarrek. Izan ere, Zarauzko Nabasi taldearen, Nafarroatik etorriko den Kaskezurren eta Aitor Huergo Endoiako bizilagunaren emanaldi banak osatuko dute jaialdia. 

Huergok zabalduko du jaialdia. Bakarlaria Ganbarako doinuak abesti bilduma zabaltzeko lanetan dabil urtearen hasieratik, baina azken lana ekoizteko hainbat musikari izan zituen alboan, eta lagunez inguratuta oholtzaratuko da zapatuko emanaldian ere. Perkusioan Adrian Larrañaga zestoarra ariko da, saxoarekin Josu Salegi, (Xahu Quartet), bibolinarekin Itxaso Diez eta biolontxeloarekin Patricia Gomez (Run free folk, ESAS). Sarrera eskuratzeko borondatezko dohaintza besterik ez da beharko.

Eskarmentu handiko musikari horien ekarpenei esker, musika estilo desberdinak jorratuko ditu Huergok, tartean folk-a, jazz-a eta musika klasikoa.

Bestalde, ohi duen bezala, ikuspuntu pertsonaletik gai unibertsalei buruzko hausnarketa eta galderak partekatuko ditu Huergok. Hala, bere melodiek auzoa, sustraiak, heriotza eta agurra bezalako gaiak jorratuko dituzte.

Ondoren, Nabasiren txanda izango da. Haien kontzertua Gaztetxean izango da, eta 20:25 aldera hasiko da. Aurrez beste hainbat proiektutan batera aritu eta gero, 2019ko azaroan sortu zuten taldea lau lagunek, eta egun, Iñigo Azkue, Lander Azkue eta Ion Ferrera zarauztarrek eta Pablo Sanchez ordiziarrak osatzen dute. Iaz, Lahar lehen lan luzea kaleratu zuten, eta disko hori aurkezten izango dira larunbatean Zestoan.  

Jaialdiari amaiera emateko, berriz, Kaskezur taldea izango da. Baztango taldeak noise eta rock doinuak jorratzen ditu, 2008an sortu zenetik, hainbat disko kaleratu dituzte. Iaz, Deus diskoa aurkeztu zuen laukoteak, eta haien kontzertuetara joaten direnek ibilbide luzeko taldearen proposamenaz gozatzeko aukera izango dute. 

Nabasi eta Kaskezur taldeen kontzertuak 50 minutu ingurukoak izango dira, eta sarrerak bertan erosi ahal izango dira, bost eurotan.