Aitor Huergo: "Aurrez landu gabeko soinuak txertatu nahi izan ditut 'Ganbarako doinuak' diskoan"

Maialen Etxaniz 2025ko ots. 7a, 11:16

Aitor Huergo, 'Ganbarako doinuak' diskoa eskuan. (Berriketan)

Aitor Huergo Endoiako bizilagunak Ganbarako doinuak diskoa ondu du, haren baserrian ekoiztu eta grabatutako lana. Haren lagunekin batera egin du sortze prozesua, eta askotariko instrumentuak eta doinuak uztartu dituzte. Gaur kontzertua eskainiko dute Itziarko Burugorri ostatuan (20:00), eta hitzorduaren atarian diskoaz eta eskainiko duten emanaldiaz aritu da Huergo. 

Bizitza osoa darama musikari lotuta, era batera edo bestera, Aitor Huergok (Bilbo, 1977). Arlo musikalean, bigarren diskoa kaleratu berri du: Ganbarako doinuak. Dena den, aurrez beste musika talde batzuetan aritutakoa ere bada. Musikaren historia eta magisteritza ikasi zuen, gaur egun musika irakaslea da.

Ganbarako doinuak lana eskainiko duzue gaur Itziarko Burugorri ostatuan emango duzuen kontzertuan. Zein dira lan horren bereizgarriak?  

Ganbarako doinuak lanean aurrez landu gabeko soinuak txertatu nahi izan ditut. Maindlander taldeko kidea ere banaiz, eta haiekin, esaterako, alde rockeroa ateratzen nuen. Maindlanderren nenbilela, bakarkako proiektu bat ere ari nintzen sortzen: Barruko paisaiak. Hurrengo lanean beste mota bateko soinuak eta instrumentuak txertatu nahi nituela argi nuen, hala nola txeloa eta klarinetea. 2023ko udan erabaki nuen diskoa grabatuko nuela, eta ordurako banekien klarinete jolea Aitor Erkizia izango zela. Biolontxeloa, berriz, irailean ezagutu nuen, Debako eskolan. Hain zuzen, eskolatik atera eta entseguetara joaten ginen. Hiru entsegu eginda atera genituen grabatutako lehen bost abestiak. Nik etxeko ganbaran entseatzen dut, eta bertan idazten ditut abestiak. Banekien beste dimentsio bat eta beste trataera bat eman nahi niela abestiei, bakarlari formatutik harago joanda. Gainera, jende gehiago ondoan izatea asko eskertu nuen. 

Zergatik lagunekin eta zergatik instrumentu horiek? 

Garapen baten ondorioa da proiektua. Banekien ahotsaz gain, klarinetea eta txeloa ere txertatu nahi nituela nire abestietan, eta gerora pentsatu nuen perkusioa sartzea. Adrian Larrañagarekin hitz egin nuen, eta animatu egin zen. Deban badago saxofonista bikain bat, Josu Salegi eta interesgarria iruditu zitzaidan bera ere proiektura batzea. Diskoan bi abestitan parte hartzen du, baina gero zuzenekoetan kantu gehiagotan parte hartzen du. Horiez gain, iaz, ikasleekin egin nuen egitasmo bat tarteko, flauta jole bat animatu zen taldera. Beraz, eboluzio baten islada da egindako lana eta taldearen osaketa. Gainera, bideaz disfrutatzen joan naiz. Aukerak etorri eta ikusi ahala gehitzen edo kentzen joan naiz. Mikel Markezek ere parte hartzen du bi abestitan. Hark bere iritzia ere eman dit abestien inguruan. Bitxikeria bezala, jendeak esan izan dit nire doinuek Markezenak gogorarazten dizkietela. Nik, ordea, abestiak bera ezagutu aurretik nituen eginak....

Ganbarako doinuak izena jarri diozu lanari, eta iradoki dezake badilera, nolabait, burutapenak edo gogoetak. Zein gai jorratu dituzu abestietan?  

Gai unibertsalak jorratzen ditut ikuspuntu pertsonaletik, baina bizipenak daude horien atzean. Esaterako, lagundu nahi diozun pertsona baten bizipenak, lagun baten agurra, auzoko sustraiak... Izan ere, ni Bilbo industrialean hazitakoa naiz eta bertako errealitate batzuk ditut hizpide. Era berean, algoritmoaz, gaur egungo kultur kontsumoaz edo kultura kontsumitzeko erez aritzen naiz. Diskoak ez du hari zehatz bat, bizipenak dira. Hori nahi nuen kontatu eta kantatu. 

Eta zergatik gai horiek? 

Gai horiei buruz hitz egiteko beharra neukalako. Batzuetan gertatzen da aurrena melodia egitea eta ondoren hitzak, edo alderantziz. Kasu honetan, nahi gabe atera zitzaidan idaztea, jario handiarekin ari nintzen sortzen, eta horrek asko iradokitzen du. 

Endoian bizi zara; eta bertan ekoiztu eta grabatu dituzu abestiak. Nolatan iritsi zinen Endoiara?  

Nire bikotekidea bertakoa da, eta bertan bizitzeko aukera suertatu zitzaigun. Bilbon hazitakoa naiz, baina lanetik ateratakoan beti jotzen nuen mendira. Beti pentsatu izan dut mendia badela niretzako bizitzeko lekua. Gainera, zaldian ibiltzen nintzen, ganadua neukan... Leku aproposa zen Endoia. Zahartzaroan ikusteko dago, landa eremua zerbitzu aldetik ahul baitago. 

Han autoekoizten dituzu abestiak. Nola moldatzen zara hori egiteko? Estudioa daukazu bertan?

Ez... Unai Mimenza teknikaria laguna dut, eta haren laguntzaz egin ditugu grabaketak. Euskal Herri mailan, tekniko arloan, ezaguna da. Etxera ekartzen ditu grabaketak egiteko tresnak: moduloak, mikroak... Haren materiala erabiliz grabatu genituen abestiak, ganbaran. Grabaketa prozesuak gauza bitxi bat ere utzi zigun. Abenduan hasi ginen grabaketa lanekin, eta martxoan amaitu. Prozesu horren baitan, ekainerako abesti berri bat sortu nuen, diskoan txertatu ez genuena. Ekainean aurkeztu genuen diskoa Bilbon, eta han aurrenekoz eskaini nuen aurrez sortutako abesti hura. Ganbarako doinuak izena jarri nion abesti horri, gertatzen ari zena magikoa zenaren sentipenez. Itziarko emanaldian berriro eskainiko dugu, konponketatxo batzuk eginda eta instrumentu gehiagorekin. 

Nolakoa izango da gaur kontzertua?

Polita. Nik uste dut hitza polita dela. Emanaldi bakoitza desberdina da, baina seikote formatuan oso ondo sentitzen naiz, babestuta. Deban eskaini genuen kontzertuaren ostean, jendearen sentipenak ezagutzeko aukera izan genuen, eta askok esan ziguten rollo ona transmititzen duen musika dela gurea.

Taldeko kideak gabe hau ez zen posible izango; askoz ere errazagoa da dena haiekin batera. Gure artean harreman oso polita daukagu, eta hori nabaritzen da. Beraz, jendea goxo egongo dela pentsatzen dut. Hori da helburua, behintzat. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide