Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohiak (Aizarna, Zestoa, 1954) bere azken liburua aurkeztu zuen atzo Donostiako Miramar jauregian: Memorias Políticas. El infierno de la transición vasca. Reflexiones. El fin de ETA según ETA. Aizarnako politikariak azaldu zuen bizitakoa kontatzeko beharrak bultzatu duela azken liburu hau idaztera.
Egigurenek aitortu zuen gaizki pasatu zuela bere garaian ezker abertzaleko ordezkariekin negoziatzeagatik jaso zituen kritiken ondorioz, eta nabarmendu zuen, elkarrizketa horiez gain, "ETAren amaieran lagundu zuten hainbat agente" egon zirela.
ETAk borroka armatua utzi zuenetik hamalau urte bete direnean kaleratu du Egigurenek Memorias Políticas. El infierno de la transición vasca. Reflexiones. El fin de ETA según ETA. Hala ere, PSEko presidente ohia kritiko agertu zen taldearen bukaerarekin. "Franco bezala, ohean hil zen ETA ere", baieztatu zuen.
Eneko Andueza PSEko egungo idazkari nagusia alboan zuela aurkeztu zuen Egigurenek bere memoria politikoak jasotzen dituen lana. Egiguren "bere garairako aurreratua" izan dela aintzatetsi zuen Anduezak, eta bakearen alde egin duen lana goraipatu zuen. Gaineratu zuen argitara eman berri duen liburua "eskuzabaltasun ariketa" bat dela, 50 urte baino gehiagoko bidaia bat proposatzen duelako "frankismoan, terrorismoan, minean eta, batez ere, bakean eta askatasunean" barrena.