Tokiko merkataritza sostengatzeko "premiazko neurriak" eskatu ditu Zestoako EAJk

Andoni Elduaien 2025ko urr. 23a, 11:35

Eva Mangas, Garikoitz Mendizabal eta Daniel Peñas. (Zestoako EAJ)

Herriko hainbat denda eta taberna berehala itxiko dituztela salatu dute jeltzaleek, eta horren aurrean, tokiko ekintzaileei laguntza emateko "premiazko neurriak" eskatu dizkio udal gobernuari.

Zestoako EAJk tokiko ekintzaileei laguntzeko neurriak eskatu ditu. Herriko merkataritzak bizi duen egoera "zaila" dela eta, jeltzaleek beren kezka adierazi dute. Epe motzean herrian ateak itxiko dituzten hainbat dendaren eta tabernaren berri izan gero etorri da EAJren eskaera, haien ustez itxiera horiek guztiek islatzen baitute herriko "merkataritza ehunari eragiten dion krisia larria" dela.

EAJren arabera, "ezinbestekoa" da tokiko ekintzaileei eta merkatariei lagunduko dieten neurriak martxan jartzea. "Egungo egoerak benetako laguntza plan bat ezartzea eskatzen du, gure herriaren merkataritza jarduera eta suspertze ekonomikoa sustatuko duten pizgarri eta laguntza espezifikoekin. Gainera, beharrezkoa da saltokien digitalizazioa sustatzea, merkataritza guneetako irisgarritasuna hobetzea eta bisitariak nahiz kontsumitzaileak gure udalerrira erakarriko dituzten ekitaldiak antolatzea", azaldu dute.

Zentzu horretan, tokiko merkataritzarekin duten "konpromisoa" berretsi dute jeltzaleek eta udalari "premiaz jokatzeko" eskatu dio. "Ezin dugu onartu Zestoa merkataritza bizitzaz hustea. Bada garaia tokiko agintariek gure herriko denda guztiei etorkizun oparoa ziurta diezaieten kartak har ditzaten. Zestoak berehalako erantzuna behar du. Ezin dugu gehiago itxaron".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide