AEBetan eta Quebec-en kontzertu bira egin berri du Garikoitz Mendizabalek, eta gustura da txistulari zestoarra egindako lanarekin eta izandako harrerarekin.
"Arrakastatsuak" izan dira Mendizabalek Ipar Amerikan eskaini dituen hiru emanaldiak, eta "aretoak beteta" zirela eman ditu. Nevadako Renoko Unibertsitatean (AEB) eman zuen birako lehen kontzertua Mendizabalek; Josu Okiñena piano jotzaileak eta txistulari zestoarrak Iragana betikotzen aurkeztu zuten han, bien artean ondu duten diskoa. Quebec-eko Orkestra Sinfonikoarekin, berriz, bi kontzertutan aritu da bakarlari gisa Mendizabal, Montrealen (Quebec). Alexandre Da Costa zuzendariaren aginduetara, euskal egileen lanekin osatutako programa eskaini dute Montrealgo emanaldietan; Jesus Guridi, Eduardo Moreno eta Maurice Ravelen musika eman dute entzutera, hain zuzen.
Garikoitz Mendizabal eta Josu Okiñena, Renoko Unibertsitateko kontzertuan. (Utzitakoa)