"Ondarea mantendu eta biziberritzeko helburuz egin dugu lan hau"

Maialen Etxaniz eta Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 20a, 09:04

Iragana betikotzen lana aurkeztu berri dute Garikoitz Mendizabal (Zestoa, 1973) txistulariak eta Josu Okiñena pianistak. Dagoeneko kalean dute diskoa, eta aurki hasiko dira kontzertuak ematen.

Pianoa eta txistua bateratuta, Iragana betikotzen lana ondu duzu Josu Okiñenarekin. Nondik sortu zen, batetik, proiektua sortzeko ideia eta, bestetik, Okiñenarekin elkarlana?

Josu Okiñenaren pista aspalditik jarraitzen nuen, baina ez genuen elkar topatu orain gutxira arte. Banekien zein zen bere joera eta bere helburuetako bat bazela gure ondare musikala jaso, editatu... horrelakoetan aritzea. Orain dela urte eta erdi edo bi urte inguru, topo egin genuen. Gai bat atera zen, eta ikusi nuen bazegoela aukera txistua eta pianoa bere horretan grabatzeko; orduan, horretara jarri ginen. Zer material da? Bada, hain justu, hainbeste mimatu, zaindu eta lantzen duen kaputxinoen musika. Bagenituen, eta baditugu, egile handiak eta ederrak, txisturako eta pianorako idatzi zutenak: Aita Donostia, Aita Hilario Olazaran, Lorenzo Ondarra... Ni ohartuta nengoen aspalditik material hori kontserbatorioan musika ikasten dugunean lantzen dela, baina ez dela inoiz grabatu, ezta kontzertuetan eskaini ere. Orduan, zirrikitu bat ikusi genuen biok, eta modu natural batean horretara jarri ginen.

Zer irizpiderekin egin duzue diskoko egileen eta piezen aukeraketa?

Irizpidea bat izan da: grabatu gabe zegoena berreskuratzeko helburua betetzea; eta ez zeuden dozenaka. Kontserbatorioetako prozesu pedagogikoetan landu diren obra batzuk berreskuratu nahi genituen; Txoriak, Harkaitzak, Eguberria... Izenburuok agian ez diete ezer esango herritarrei, baina txistulariei bai. Horiek grabatu ditugu, eta gero, gaur egungo disko bat ere badenez, egungo beste egile batzuk ere nahastu ditugu.

Hortaz, lehengo piezak galtzeko nolabaiteko kezkak eraman zaituzte halako lan bat sortzera?

Ez nuke kezka hitza erabiliko. Ondarea mantendu eta biziberritzeko helburuz egin dugu. Biziberritzeko, zergatik? Bada, idatzi ziren unean, garai hartako txistulariek seguru beste modu batera joko zituztela piezok, eta guk horri ere bueltatxo bat eman diogu. Interpretazioan lizentzia batzuk hartu ditugu, gureganatu egin ditugu. Inportantea da, interprete bezala heldutasun bat adierazi dezakeelako. Baina kezkarik ez genuen, zeren hau guztia idatzita dago eta piezok jotzen dira irakaskuntza prozesuan, baina grabatzeke zeuden. Eta gaur egunera ekartze hori garrantzitsua iruditzen zitzaigun.

Nolakoa izan da pieza horiek berrinterpretatzeko prozesua?

Nire kasuan, asko bizi izan dut. Orain arte, hainbat pianistarekin aritu naiz, baina, gehienetan, sentitu izan naiz jaun eta jabe, pianista niri jarraitzen ari zelako. Hori nahiko erosoa da, zeren zu zara epizentroa eta pianista laguntzailearekin elkarlan bat egiten duzu. Josu Okiñenarekin ez da hori gertatzen. Berak izaera propioa du, eta jotzen ari naizenean laguntzeko oso gai da, baina, askotan, berak hartzen du ekimena, berak eramaten nau. Hori bizitzea oso polita izan da, zeren, oso adi egon behar izan naiz, eta gauza batzuk orain arte egiten ez nituen bezala egitera bultzatu nau horrek. Adin batekin horrelako gauzak sentitzea oso aberatsa da.

Diskoa aurkeztu duzue; gaur egun diskoak argitaratzea ez al da, halaber, iraganera bidaiatzeko modu bat?

Ez dugu DVDrik atera, baina abesti guztiak bideoan grabatu ditugu. Emeki-emeki botako ditugu bideook plataformetan, Youtuben eta. Eta, bai, iraganaren betikotzea materialari dagokionez egin dugu, baina formatuak ere ez dirudi gaur-gaurkoa. Hala ere, oraindik, zuzenekoetan, jendeak erosten du. Ez dakit erosten duen egin duzun lana saritzeko edo zergatik, baina erosten du. Edonola ere, laster jarriko ditugu bideoak ikusgai.

Nola egituratu duzue zuzeneko ikuskizuna? Hau da, funtsean, zer jasoko du zuen emanaldiak ikustera joango den publikoak?

Zorionez, minutu asko grabatu ditugu, eta tartekatu ditugu aipatu ditugun betiko autore horiek eta beste egile batzuk; Piazzolla, Marin Marais, edo espreski txistu eta pianorako idatzi ez duten beste hainbat egile. Tokian tokirako zuzeneko ezberdin bat egiteko aukera ematen digu horrek, eta hori egingo dugu.

Zer bide hartuko du orain Iragana betikotzen lanak? Datak iragartzeko moduan zaude?

Bai, data batzuk iragarri ditzaket. Getxon [Bizkaia] aurkeztuko dugu larunbatean. Getxoko Andres Isasi kontserbatorioan grabatu genuen diskoa, eta bertan egin nahi genuen aurkezpena. Ekainean Gernikan [Bizkaia] izango gara, abuztuan, berriz, Deban [Gipuzkoa] eta Bilbon, eta beste emanaldi batzuetarako datak jartzeko zain gaude. Hori esanda, proiektu honek badu estatuan zehar eta atzerrian ere aritzeko bokazioa. Beraz, makineria guztia martxan jarriko dugu, ahal dela, hemendik kanpo ere entzun dadin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide