Ekain kobazuloari buruzko informazio osatua jasotzeko aukera izan dute Zestoan

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 10a, 07:45

Mikel Garate arkeologoa, Zestoan eskaini duen hitzaldian. (M. Txintxurreta)

Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, Ekain kobazuloari buruzko hitzaldia eman zuen atzo Zestoan Diego Garate arkeologoak. Begirada berri batekin ikertu dute leize-zuloa, eta arkeologiak izan dituen aurrerapenei esker, leize-zuloari buruzko informazio osatuagoa eskaini zuen adituak.

Hilabete honetan Gipuzkoako dozenaka herrietan egiten ari diren Ondarearen Europako Jardunaldien baitako ekitaldietako bat egin zuten atzo arratsaldean Zestoan. Diego Garate arkeologoak eta Kantabriako Unibertsitateko arte parietal paleolitikoan doktoreak Ekain kobazuloari buruzko hitzaldia eskaini zuen udaletxeko pleno aretoan, eta bertaratu ziren herritarrek paleolitoko artearen altxor behinenak gordetzen dituen leize-zuloari buruzko informazio berria jasotzeko aukera izan zuten.

Izan ere, arkeologo talde batek begirada berri bat eman dio Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen kobazuloari, eta ikerketa arkeologikoen sistemek nahiz metodoek azken hamarkadetan izan duten aurrerapenei esker, informazio berriarekin egin dute topo. Begirada berri horretan ikusitakoak erakutsi zituen Garatek Zestoan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak bederatzigarrenez antolatu ditu Ondarearen Europako Jardunaldiak. Ondarea Eraikitzen lelopean, 80 jarduera baino gehiago antolatu dituzte Gipuzkoako 37 udalerritan, horien artean, Urola Kostako bost herritan: Azkoitian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zestoan.

Hurrengo hitzorduak

Horren baitan, bigarren ekitaldia egingo dute bihar Zestoan: Nola egin zen Ekainberri erreplika? izeneko bisita gidatua egingo dute Ekainberrin. Euskarazko bi saio izango dira: aurrena, 11:30ean, eta bigarrena, 16:30ean. Ondarea babesteko helburuarekin, Ekaingo jatorrizko kobazuloa itxita dago publikoarentzat 1969an hango labar artelanak aurkitu zirenetik. Publikoari artelan horiek guztiak erakutsi ahal izateko, Ekainberri eraiki zuten gero, eta urriaren 11ko bisitan museoaren sortze prozesua zein izan zen azalduko dute.

Azkoitiaren eta Orioren txanda izango da hilaren 18an, larunbatez: Azkoitian, bi eraikin historiko ezagutzeko bisita gidatua egingo dute. Bi etxe historiko ezagutzen: Lasao etxea eta Idiakez Ederra izeneko bisita egingo dute egun horretan, 12:00etan eliz ataritik abiatuta. Bisita euskaraz eta gazteleraz eskainiko dute.

Orion, 10:00etan, ontzigintza tradizionala ezagutarazteko familia tailerra eskainiko dute Mutiozabal Txoren Ontziolan: estrapu tailerra. Ontziola bisitatzeaz gain, haur bakoitzak material organiko ezberdinak ezagutu, ukitu, sentitu eta esperimentatu ahal izango ditu. Era berean, espartzuarekin lan egiten eta arraunerako ezinbesteko diren estrapuak ontzen ikasiko dute. Parte hartzaile bakoitzak bere estrapu propioa etxera eramateko aukera izango du, gainera.

Tailerraren ostean, 12:00etan, Mutiozabal Txoren Ontziola: memoria eraikitzeko ondare arkitektura izeneko hitzaldia eta bisita gidatua izango dira Orioko Turismo bulegoan hasita. Mutiozabal ontziola tradizionala kultura transmisiorako gune aktibo gisa darabilte egun Orion, Txoren Ontziola haurrentzako hezkuntza proiektu berritzailea baita. Ondare arkitektura oroimenaren, identitatearen eta jakintzen transmisioaren tresna bizia nola izan daitekeen hausnartzera gonbidatuko dituzte herritarrak bisitan.

Getarian, Getariako Zarautz eta Aldamar jauregiak birgaitzea eta berrerabiltzea izeneko bisita gidatuak eskainiko dituzte urriaren 25ean eta 26an, biak 11:00etan. Ordea, hilaren 25ekoa euskaraz eskainiko dute, eta hilaren 26koa, gazteleraz. Turismo bulegotik abiatuta egingo dituzte ibilaldiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide