Hilaren 18an Urepelen egingo duten musika jaialdira joateko autobusa egongo da Zestoatik

Maddi Txintxurreta 2025eko urriaren 7a

Lin Ton Taun zestoarren kontzertua. (Jabi Gonzalez)

Zestoako Lin Ton Taun taldea, Gatibu, Basapiztiak, Punttu Kakotx eta Trikizio oholtzaratuko dira urriaren 18an Urepeleko eta Zestoako udalek elkarlanean antolatu duten jaialdian. Zestoatik autobusa antolatu dute, eta txartelak eros daitezke jada.

Bi urte bete dira Zestoa eta Nafarroa Behereko Urepele udalerria senidetu zirenetik, eta geroztik, hainbat ekimenekin sendotu dute bi herrien arteko batasuna. Ildo horretatik, urriaren 18rako Urepelen antolatu duten musika jaialdia lagundu du Zestoako Udalak, eta autobusak antolatu ditu hara joateko.

19:00etan hasiko da jaialdia. Basapiztiak taldeak emango du lehen kontzertua, eta 20:30ean Lin Ton Taun talde zestoarraren txanda izango da. Atzetik, Gatibu (22:00etan), Punttu Kakotx (00:00) eta Trikizio (01:00) oholtzaratuko dira.

Urriaren 18an, 15:00etan abiatuko da autobusa Zestoatik, eta 03:00etan egingo du itzulerako bidea Urepeletik. Autobuserako txartelak Portale tabernan daude salgai hamabost eurotan.

Musika jaialdirako sarrera, halaber, esteka honetan eros daiteke, hamabost eurotan hori ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide