Igogailu publikoa eraikitzeko lanak hasiko ditu astelehenean, urriaren 6an, Zestoako Udalak Arroabean. Azpiegitura berriarekin, San Isidro kalea eta Karmengo Amaren errepidea "modu irisgarrian" lotuko dituzte: "Orain arte, gurpildun aulkian edo ume-kotxeekin goiko auzora, N-634 errepideko autobus geltokira edo tren geltokira joan behar zuten herritarrek errepidetik igo behar izaten zuten, arrisku egoera larriak sortuz", azaldu du udalak, igogailuaren beharra nabarmenduz. "Igogailu berriarekin, Karmengo Amaren errepidean kokaturik dauden etxebizitzak auzoko erdigunerarekin modu irisgarrian lotu nahi dira, eta garraio publikoaren geltokietara gerturatzeko segurtasun baldintzak hobetu", gaineratu du erakundeak.
Proiektuaren aurrekontua 551.086 eurokoa da eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jasoko du Zestoako Udalak –232.451 euro, zehazki– lanak gauzatzeko.
Trafikoan eragina
Igogailua jartzeko lanen hasierak eragina izango du trafikoan. Horrela, astelehenean 08:30etik 18:30era itxita egongo da San Isidro kalea N-634 errepidearekin lotzen duen sarrera-irteera; bide horren ondoan eraikiko dute, hain zuzen ere, igogailua.
GI-631 errepideko sarreraa erabili beharko dute ibilgailuek astelehenean, Olaeta kalekoa, Arroabeko herrigunera sartzeko.