2026atekin batera, Zestoa uraren ziklo integralean sartzea onartu zuen udalbatzak astelehenean, iraileko osoko bilkuran. Modu horretara, herriko ur hornidura osoa Gipuzkoako Uraren Kontsortzioak kudeatuko du urtarriletik aurrera.
Udalak azaldu duenez, orain arte erakundea bera arduratzen zen uraren banaketaz, eta kontsortzioa, berriz, uraren hornidura orokorraz; hala izaten jarraituko du urtearen amaierara arte, baina aurrerantzean egin beharreko inbertsioek eta ur sistema digitalizatzeak eragingo lituzketen kostuen ondorioz, kudeaketa guztia Gipuzkoako Uraren esku utzi eta herria ziklo integralean sartzea hobetsi dute Udal Gobernuak zein oposizioak –aho batez onartu zuten–.
Horrenbestez, urtarriletik Gipuzkoako Ur Kontsortzioa arduratuko da tarifez, harremanez, inbertsioez zein mantenu lanez. Prezioei dagokienez, Gipuzkoako Urakek izango du horiek zehazteko eskumena, eta Arregik udalbatzarrean azaldu zuenez, garestitu egingo da, udalak kontuan hartzen ez dituen hainbat aldagai txertatzen baititu hark tarifak egiterakoan: "Gaur-gaurkoz, metro kubikoa 82 zentimotan daukagu Zestoan, eta bataz-beste metro kubikoa 1,08 eurora igoko da", gaineratu zuen hark; industri ura, kontrara, "apur bat merkeagoa" izango da.
Hiruzpalau hilabete iraungo ditu eskumen aldaketak, udalaren esanetan. Era berean, kontsortzioak bi milioi euro inguruko inbertsioa egin beharko du hamar urteko epean, herriak duen ur hoditeria sistema konplexua kontuan hartuta. Aizarna, esaterako, saneatu gabeko eremua dela azaldu zuen Arregik, eta han araztegi bat egiteko inbertsioa egingo du kontsortzioak.