Zestoako Udalak datorren urteko ordenantza fiskalak onartu zituen herenegun egin zuen iraileko udalbatzarrean, eta EH Bilduren zein EAJren hautetsi guztien oniritziarekin jarriko dituzte indarrean 2026ko udal tasak eta zergak. Mikel Arregi alkatearen arabera, aurten baino zertxobait gutxiago igoko dituzte udal tasa eta zerga nagusiak: %3ko igoera izan zuten 2025eko ordenantza fiskalek, eta %2,5ekoa izango dute hurrengo urtekoek. Kiroldegiaren eta hango ikastaroen gainekoak izango dira salbuespen nagusiak: izan ere, kiroldegiaren tasa %3 igoko du udalak, eta hango ikastaroena, %3,6.
Udalak kiroldegiarekin duen "defizita" kontuan hartuta erabaki du Udal Gobernuak azpiegitura horren kudeaketaren gaineko tasak igotzea: "Kiroldegiarekin defizit dezentea daukagu. Ez da oraingo kontua, betikoa baizik, eta hein batean azpiegitura ona daukagulako gertatzen da hori. Herri txikia gara eta bazkide kopurua goraka doa; gaur-gaurkoz 433 bazkide ditugu. Igerilekurik ez dugu, eta Mugiment txartelaren bidez Zumaian bazkide diren herritarrak 113 dira", azaldu zuen alkateak. Bide horretan, hark aurreratu zuen udala saiatuko dela Zumaiako Udalarekin igerilekuaren erabilera hitzartzen, Mugiment txartelak hainbat muga dituela arrazoituta.
Etxebizitzen gaia ere izan zuen hizpide Arregik ordenantza fiskalak jorratzerakoan. Batetik, udalak aurki espero du Eusko Jaurlaritzak Zestoa tentsio handiko eremu izendatzea, eta orduan eskumen gehiago eskuratuko diru erakundeak arlo horretan. Bien bitartean, etxebizitza hutsen gaineko gainkarga %50etik %75era igoko du udalak datorren urtean. Alkatearen esanetan, Zestoan hogei etxebizitza baino gehiago daude hutsik, eta haren ustez "asko" da; are, Urola Kostan etxebizitza hutsen zenbateko handienetakoa duen herria da Zestoa, Arregiren hitzetan, eta egoerari aurre egin behar zaiola uste du hark.
Hobariak ibilgailuetan
Klima larrialdiaren testuinguruan, bestalde, Zestoako Udalak eguneratu egingo ditu ibilgailuen gaineko zergak. Batetik, ibilgailu elektrikoek eta hibridoek ez ezik, hobaria jasoko dute beste mota batzuetakoek ere, hala nola hidrogeno motordunek eta petrolio gas likidotua erabiltzen dutenak. Bestetik, karbono dioxidorik isurtzen ez duten ibilgailuei hobaria igoko diete; ibilgailu elektrikoek, esaterako, %95eko hobaria jasoko dute —orain arte %75ekoa jasotzen zuten—. Hobariak jaso ahal izateko, halako ibilgailuren bat duten herritarrek udalari jakinarazi behar diotela esan zuen alkateak.