Zestoako ondare arkeologikoaren erakusketan azken bisita gidatuak egingo dituzte asteburuan Ekainberrin

Mailo Oiarzabal 2025ko ira. 25a, 08:32

'Zestoako ondare arkeologikoa eta paleontologikoa. Urolako ondarea gertutik gertura' erakusketa, Ekainberrin. (Ekainberri)

Uztailean ireki zuten aldi baterako erakusketa igande honetan itxiko dute, eta bihar, larunbatean eta igandean bertan bisitak egiteko azken aukera izango da. Bisitak doan dira, baina tokia hartu behar da aurrez, Ekainberriren webgunean edo Zestoako turismo bulegoan.

Datorren igandean, irailaren 28an, itxiko ditu ateak Ekainberrin Zestoako ondare arkeologikoa eta paleontologikoa. Urolako ondarea gertutik gertura izeneko aldi baterako erakusketak, eta ostiralean, zapatuan eta igandean egingo dituzte bertan doako azken erakusketa gidatuak.

Joan den uztailaren 10ean ireki zituen ateak Zestoako eta bailarako aztarnategi arkeologiko ugari zein aberatsetan hainbat ikerlarik egindako lanen emaitzak biltzen dituen erakusketa horrek. Ekainberriko bisitariek ez ezik, ireki zutenetik ostiralero egin dituzten doako bisita gidatuetan parte hartu duen publiko orokorrak ere izan du erakusketaz gozatzeko aukera. Antolatzaileak gustura daude amaitzear den aldi baterako erakusketak izan duen harrerarekin: "Harrera ona izan du erakusketak eta baita ostiraletan egin diren bisita gidatuek ere. Zestoako publikoak ere ez du galdu erakusketa bisitatzeko eta herriko ondare aberatsaren garrantzia bertatik bertara ezagutzeko aukera; bertatik pasatu dira, esaterako, Kirol Udalekuetako haurrak eta Zestoako eskolako ikasleak", azaldu dute.

Orain, erakusketa agurtu aurretik egitasmoa borobiltzeko, bisita gidatuak hiru egun segidatan eskaintzea erabaki dute, erakusketaren azken hiru egunetan, hain zuzen, "oraindik erakusketa ikusi ez duenak aukera" izan dezan. Horrela, datozen egunetan Ekainberriko erreplika ikusteko sarrera erosten dutenek ez ezik, aipatutako bisita gidatuetarako tokia hartzen dutenek izango dute Zestoako arkeologia ondarearen gaineko erakusketaz gozatzeko parada. Izan ere, doakoak dira bisita gidatuak, baina aurrez tokia gorde behar da, Ekainberri.eus webgunean edo Zestoako turismo bulegoan. Bihartik igandera arte, egunero, 16:30ean gaztelaniaz eta 17:00etan euskaraz egingo dituzte bisita gidatuak.

Bideoa, eskura

Zestoako ondare arkeologikoa eta paleontologikoa. Urolako ondarea gertutik gertura erakusketarako berariaz egin duten bideoa ere nahi duen ororen eskura jarri du Ekainberrik Youtuben.

Mikel Nogales historialari zestoarra, Ekainberriko gida hezitzailea, da bideo horretan azalpenak ematen dituena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide