Zestoan dagoen Historiaurreko ondare-guneen kontzentrazioa apartekoa da, horregatik, azken hamarkadetan udalerriko hainbat aztarnategi aztertu dituzte arkeologo taldeek. Azterketa horietan, hainbat pieza azaleratu dituzte, gertakari historiko ugariren lekukotasuna ematen dutenak. Bada, egindako bide hori nabarmentzera dator atzo, ostegunez, Ekainberri museoan inauguratu zuten Zestoako Ondare Arkeologikoa eta Paleontologikoa. Urolako Ondarea Gertutik Gertura izeneko erakusketa.
Irailaren 28ra arte irekita egongo den erakusketa horrek, 1935etik gaur arte egin diren ikerketaren emaitzak aurkeztuko ditu, aurkikuntza-guneak, ikerlariak eta piezak uztartuz. Zehazki, 21 aztarnategietan egindako lana azalduko dute, 21 ikerlarien lekukotzak jaso, eta 32 ondare-pieza erakutsi.
Aztarnategiak, ikerlariak eta piezak, izen-abizenez
Erakusketan egiaztatu daitekeenez, Urola ibaiaren erdialdea aspalditik erakargarria izan da hainbat giza espezierentzat. Horrela, 21 aztarna-guneen lekukotzen artean, Behe Paleolitoan duela 300.000 urte giza okupazioa izan zuen Irikaitz aztarnategiarena jasotzen du erakusketak, baita 1787 urteko Aizarnako parrokiko hilobiena ere. Halaber, 1969an aurkitu zuten eta UNESCOk Munduko Ondare izendatu zuen Ekain koban egindako ikerketak azalduko ditu Ekainberriko liburutegian jarri duten erakusketak. Horiez gain, Amalda, Baio, Danbolinzulo, Amabiturrieta, Irikaitz, Erlaitz, Astui-Gaina, Erraila… eta beste hainbat aztarnategietan egindako lanak azalduko dira.
Aztarna-gune horietan lanean aritu ziren gizon eta emakume ikerlarien lana goraipatzen du erakusketak, eta horien lekukotzak jasotzen ditu. Besteak beste, honako ikerlariak azaltzen dira erakusketan: Jose Miguel Barandiaran, Jesus Altuna, Juan Maria Apellaniz, Antxieta Jakintza Taldea, Mertxe Urteaga, Alvaro Arrizabalaga, Maria José Iriarte, Blanca Ochoa eta Asier Gómez.
Gainera, 21 aztarnategietan topatutako 32 pieza original ikusgai egongo daude Ekainberriko liburutegian: Baioko errinozeroaren orno zerbikala, Irikaitzeko hareharrizko aurpegibikoa, Erlaitz III-ko bieira handi baten zatia, edo Lili Jauregiko azulejo apaindua dira horietako batzuk.
Ostiraletan doan
Erakusketa uztailaren 10tik irailaren 28ra bitartean ikusgai egongo da Ekainberriko liburutegian, Ekainberriko sarrera erosi dutenentzat. Bestalde, erakusketa doan ikusteko aukera izango da ostiraletan, 17:00etatik 19:00etara; horretarako, baina, erreserba egin behar da ekainberri.eus webgunean. Bisita gidatu labur bat eskainiko dute 17:15tan gazteleraz eta 17:45tan euskaraz.