Nerabeei eta gazteei zuzenduta, ongizate emozionala lantzeko saioak antolatu ditu Zestoako Udalak datozen asteetarako. Bina saio izango dira, hain zuzen. 12 eta 16 urte arteko nerabeei zuzendutakoei dagokienez, irailaren 26an izango da lehendabizikoa, eta urriaren 3an bigarrena. Herenegun ziren bi saio horietarako izen ematea ixtekoak, baina igandera arte luzatzea erabaki dutela jakinarazi du gaur udalak.
Gaur zortzi, hilaren 6an, emozioen gaineko oinarrizko ikastaroa eskainiko diete animatzen diren nerabeei Leire Urrak eta Carol Palaciok, Gaztelekuan; eta urriaren 3an, Alonderon, Kuadrillen saltsak: nerabeen arteko harreman sareak izeneko saioa gidatuko du Beñat Benitezek. Bi saioek ordutegi bera izango dute, 17:30etik 19:30era.
Izena emateko, Gaztelekuko Whatsapp zenbakira (688 68 40 29) idatzi behar da.
Nerabeentzako saioen atzetik etorriko dira, urriaren 17an eta 24an, 17 eta 24 urte arteko gazteei zuzendutakoak. Horietarako izen ematea urriaren 9an amaituko da.