Nerabeen eta gazteen ongizate emozionala lantzeko saioak prestatu dituzte Zestoan

Ane Olaizola 2025ko ira. 11a, 11:10

Nerabeei zein gazteei zuzendutako bina saio antolatu ditu Zestoako Udalak, emozioak, harreman sareak, autoezagutza eta antsietatea landuko dituzte. Zabalik da izen-ematea. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Treba programaren barruan, tailer sorta bat antolatu du Zestoako Udalak datozen hilabeteetarako, nerabeen zein gazteen ongizate emozionala ardatz hartuta. Lehenengo saioa hilaren 26an, ostiralez, egingo dute, eta orduan emozioen oinarrizko ikastaroa egingo dute propio nerabeekin. Leire Urra eta Carol Palacio hizlariek gidatuko dute saioa, 17:30etik 19:30era artean, Gaztelekuan. 

Antolatzaileek bi adin tarte hartu dituzte kontuan saioak antolatzerakoan: batetik nerabeak (12-16 urte), eta bestetik gazteak (17-24 urte). Hain zuzen, lehenengo saioak nerabeei zuzenduak izango dira, eta hilaren 26an emozioen inguruko oinarrizko ikastaroa egin ondoren, bigarrenean, urriaren 3an, nerabeen arteko harreman sareak landuko dituzte; "kuadrillen saltsei" buruz arituko dira, hain zuzen.

Gazteei zuzenduriko saioak, bestalde, urriaren 17an eta 24an izango dira. Lehenengo saioan, autoezagutza eta ongizate emozionalaren oinarrien inguruko oinarrizko ikastaro praktikoa egingo dute. Besteak beste, coaching, PNL eta garapen pertsonalerako bestelako diziplinetan oinarritutako dinamikak proposatuko dira. Bigarren saioan, berriz, hainbat talde dinamika eta material didaktiko erabiliko dituzte parte-hartzea sustatzeko. Antolatzaileen arabera, saio horretan antsietatea ezagutzen ikasiko dute gazteek, eta berau kudeatzen lagunduko dieten ezagutzak eta tresnak eskainiko dizkiete. 

Izen-emateak zabalik

Nerabeen zein gazteen saioetan parte hartzeko aurrez izena eman behar da, Gaztelekuko 688 684 029 whatsapp zenbakian. Nerabeen tailerretarako izen-ematea hilaren 18an itxiko da, eta gazteen saioetarako, urriaren 9an. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide