Astelehena eta eguraldi eskasa, baina, ez bata eta ez bestea, ez dira aitzakia zestoarrentzat. Festetako azken eguna dute gaurkoa, eta egunari gelditzen zaizkion azken orduak kalean igaro nahi dituzte. Horren erakusgarri arratsaldeko bi ekitaldi nagusiek, alegia, zekorketa eta Gurea Kulturak antolatuta Anarik eman duen kontzertua; biek ala biek jende ugari erakarri dute.
Ordu berean hastekoak ziren biak, 18:00etan hain justu, baina eguraldi txarra tarteko, Anariren kontzertua lekuz aldatzea erabaki dute antolatzaileek. Hala, estazio zaharrean beharrean, kiroldegiko aterpean jo du azkoitiarrak, eta emanaldia aurreikusitakoa baino orduerdi bat beranduago hasi da. Hala ere, pazientziarik galdu gabe itxaron dute hura bertatik bertara ikustera joandako dozenaka herritarrek, eta bero hartu dituzte Anari eta haren taldekideak.
Bien bitartean, bigarren zekorketa egin dute festetarako zezen plaza itxura ematen dioten herriko plazan. Adolfo Rodriguez Montesinos ganadutegiko zekorrak izan dira plazara atera dituztenak, eta Juan Pablo Ibarra toreatzailea izan da ikuskizuna eman duena. Eguraldiak asko laguntzen ez zuen arren, gaurkoan ere jende ugari izan da zekorketak ikusten. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Zezen plazakoak bukatutakkoan, Zestoako Bandak emanaldia eskainiko du Erdikalean, eta 20:00etatik aurrera zahagi-dantzariak kalez kale ibiliko dira Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik. Aurtengo festei bukaera emateaz, berriz, Laket erromeria taldea arduratuko da. 21:00etan hasiko da haren emanaldia.