Euriaren eraginez, 2022tik aurrera Ama Birjina egunez egiten duten udal ordezkarien dantzaurrea ez dute plazan egin aurtengoan. Txistulariak, dantzariak eta Zestoako Udaleko zinegotziak -Mikel Arregi alkateak ezin izan du parte hartu aurten- udaletxeko arkupeetan elkartu dira, herritar saldo batek inguratuta. Kutsu solemnea izan ohi duen ekitaldia, beraz, gertuago sentitu dute aurten herritarrek.
Dantzaurrearen ostean, kontzertua eskaini du Zestoako Musika Bandak. Emanaldi berezia izan da gaurkoa, izan ere, hiru urteurren ospatzen dituztela azaldu du Jesus Odriozola bandako kideak: 115 urte bete ditu bandak, 100 Amparito Roca pasodobleak, eta gaurko egunez, duela 30 urte, jo zuten lehenengoz Ama Birjina eguneko pieza.
Ostiraletik herriko festetan murgilduta daude zestoarrak, eta gaurkoa izango dute azken eguna. Hala ere, datozen orduetan izango da egitekorik herrian. Hona hemen egitaraua:
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
18:00. Tor magoa, kiroldegiko aterpean.
18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta zezenketen alternatiba kontzertua estazio aldean: Anari.
18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Juan Pablo Ibarra. Ordezkoa: Marco Pelaez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos.
Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda, Erdikalean.
20:00. Zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.
21:00. Laket taldearen erromeria.