Zestoako festak

Musikak agindu du Zestoako festetako igande arratsaldean

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 8a, 08:00

18:00etan hasi zituzten Gurea Kultura ekimenak antolatutako kontzertuak, zezen plazan zekorketak egin bitartean. Sal del Coche, Ez Ez Ez eta Makeda taldeen emanaldiek lagunduta ozendu zuten herritarrek zezenketen kontrako jarrera.

Ama Birjina eguneko bezperarekin, igandez, igo ziren Gurea Kultura ekimenak gonbidatutako musika taldeak estazio aldeko oholtzara. Azken urteetan egin bezala, zekorketen alternatiba kulturala eskaini zien taldeok herritarrei; atzokoan, Sal del Coche, Ez Ez Ez eta Makeda taldeak arduratu ziren torturaren aurkako aldarria musikaren bidez adierazteaz.

Estazioan bezala, musikak agindu zuen Erdikalean ere. Kontzertuak hasi aurretik, 17:30ak aldera, jendetza batu zen han,  Zestoako Musika Bandak Amparito Roca pasodoblea joz egin zuen kalejiran. 18:00ak jo orduko hasi zen zekorketa.

Alta, toreatzaileak ikusi nahi zituzten herritar guztiek ez zuten aukera izan zezen plazan sartzeko, ordu erdian saldu baitzituzten sarrera guztiak.

Atzoko gauak luze jo zuen, Skapaie eta Zestoako M&M taldeak emanaldi bana eskaini baitzuten plazan. Bestalde, hona hemen gaurko, Ama Birjina eguneko, egitaraua:

Gaur, Ama Birjina eguna
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz txistulari taldearen kalejira.
12:00. Meza. Ondoren, udal ordezkarien dantzaurrea, Itxaropena dantza taldeak eta Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
13:15. Zestoako Bandaren kontzertua.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
18:00. Tor magoa, kiroldegiko aterpean.
18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta zezenketen alternatiba kontzertua estazio aldean: Anari.
18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Juan Pablo Ibarra. Ordezkoa: Marco Pelaez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos.
Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda, Erdikalean.
20:00. Zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.
21:00. Laket taldearen erromeria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide