Zestoako festak

Haizeak baldintzatuta egin dira Zestoako Kuadrilla Eguneko goizeko jarduerak

Nerea Uranga 2025ko ira. 6a, 15:52

Haizea harro ibili da eguerdira artean Zestoan, eta kuadrillek babesa aurkitu behar izan dute beren paellak prestatzeko. Lagunarteko bazkaria, berriz, herriko plazatik Erdikalera lekualdatu dute. Dena den, festa girorik ez da zapuztu. Bestalde, Palestinaren kontrako genozidioa salatzeko mobilizazioarekin herritar ugarik egin du bat.

Umeen Eguna atzo, eta gaur kuadrillena dute Zestoako jaietan. Goizetik haizea harro ibili da eta eguzkia bero, hala paella lehiaketan parte hartu duten 23 taldeek toki babesa aurkitu behar izan dute paella prestatzeko. Talde gehienek udaletxeko arkupean kokatu dituzte kozinatzeko mahaiak, batzuk kartoi zatiak ere erabili behar izan dituzte suak ez itzaltzeko.

Paellak prestatzeko lanik hartu ez duten herritarrak bitartean Ustekabe txarangarekin ibili dira kalerik kale kantuan eta dantzan.

Paella lehiaketaren antolatzaile taldeak mahaiak eta aulkiak jarri ditu plazan, baina denak bota ditu haizeak. Plazako hondar guztia ere aldameneko kaleetara zabaldu du, ia plaza guztia hondarrez hustuz. Azkenean, plazatik Erdikalera lekualdatu dituzte mahaiak eta aulkiak eta han elkartu dira 400 herritar baino gehiago bazkaltzeko.

Bazkalaurretik, epaimahaiak kuadrillek prestatutako paellak dastatu dituzte udaletxeko arkupeetan; askotariko elikagaiekin egindako paellak izan dira aurtengoan ere: oilaskoarekin, barazkiekin, itsaskiekin...

Palestina babestuz

Festetan murgilduta izan arren zestoarrak, Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko mobilizatu dira gaur 13:30ean plazan. Herritar talde batek Palestinari babesa adierazteko elkarretaratzeko egindako deialdiarekin herritar askok egin dute bat, eta plazaren alde bateko harmailak erabat bete egin dituzte.

Astelehen iluntzera arte festak ez du etenik izango Zestoan, hona hemen agurtik aurrerako egitaraua:

Gaur, larunbata 
15:30-19:30. Jolas parkea umeentzat frontoi inguruan 19:30ak arte.
17:00. Kuadrillen arteko jolasak plazan, Ustekabe txarangak alaituta.
19:00. Ustekabe txaranga.
22:00. Sukena, Hazas eta Jagoba, Laranjadin.

Bihar, igandea
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
12:30. Nafartasunari gorazarrea, musika, bertso eta dantzaz alaiturik, sorgin ehizaren bosgarren mendeaurrea gogoratuko da.
17:00-19:00. Kirol joko handiak, frontoi zaharrean.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz.
18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Ez Ez Ez, Makeda eta Sal del Coche.
18:00. Lehen zekorketa. Toreatzailea: Curro Muñoz. Ordezkoa: Raul Jerez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
21:00. Skapaie.
23:00. M&M, Laranjadin.

Etzi, astelehena. Ama Birjina eguna
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz txistulari taldearen kalejira.
12:00. Meza. Ondoren, udal ordezkarien dantzaurrea, Itxaropena dantza taldeak eta Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
13:15. Zestoako Bandaren kontzertua.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
18:00. Tor magoa, kiroldegiko aterpean.
18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta zezenketen alternatiba kontzertua estazio aldean: Anari.
18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Juan Pablo Ibarra. Ordezkoa: Marco Pelaez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. 
Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda, Erdikalean.
20:00. Zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.
21:00. Laket taldearekin erromeria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide